Ikastolen Elkarteak X sare soziala uztea erabaki du, azkenaldian plataformak izan duen bilakaera ez datorrela bat ikastolek dituzten balio etiko eta demokratikoekin.
Ikastolen Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, erabakia ez du ausaz hartu, "gure balioekin bat datorren komunikazio ingurune bat sustatzeko urrats gisa" egin baitu.
"Azkenaldian plataforma horrek hartu duen norabideak gure balio etiko eta demokratikoekin talka egiten du"
"Azkenaldian plataforma horrek hartu duen norabideak gure balio etiko eta demokratikoekin talka egiten du. Informazioaren kalitatea eta egiatasun falta agerian geratu dira, eta gure ardura da errespetuan eta egiazkotasunean oinarritutako komunikazioa indartzen duten guneak sustatzea", azaldu du.
KONPROMISOA
Ikastolen Elkartearen konpromisoa da "pentsamendu kritikoa eta egiazkotasuna sustatzen dituzten komunikazio inguruneak bultzatzea", eta uste du X sareak ez duela hori bermatzen.
"Plataformaren jarrera eta politikak ez datoz bat gure balioekin, ezta hizkuntza aniztasunaren sustapenarekin eta komunitatearen babesarekin ere", gaineratu du.
Era berean, salatu du plataformak erabiltzaileen datuak biltzeko eta erabiltzeko duen modua ez datorrela bat bere printzipioekin, eta bertan zabaltzen diren edukien "kontrol falta edo desinformazioaren gorakada kezka iturri" bihurtu zaio.
"Ikastolen Elkartea hezkuntza erakunde bat da, eta gure egitekoa ezagutzaren transmisioa eta heziketa integrala bermatzea da. Gure inguruneak, espazio digitala barne, gure hezkuntza eta kultur balioekin bat etorri behar du, eta horregatik uste dugu sare sozialek pentsamendu kritikoa, errespetua eta informazio fidagarria sustatu behar dituztela", azaldu du.
Orobat, ikastolen komunitateak dituen behar eta balioei erantzuteko modurik egokienak bilatzen jarraitzen du elkarteak, eta horregatik, bere presentzia digitala birplanteatzen ari da.
Horrela, Ikastolen Elkarteak komunikazioa indartuko duten gune eta espazioak lehenetsiko ditugu, "betiere pentsamendu kritikoa, errespetua eta informazio fidagarria sustatzeko helburuarekin".
Horrez gain, Ikastolen Elkarteko 7. Biltzarrean erabaki zen ikastolek "burujabetza digitalerako bidea" hartuko zutela, eta, beraz, X sarea uzteko urratsa "naturala eta beharrezkoa da komunitatearen etorkizuna modu autonomoan eraikitzeko konpromisoaren barruan".
Horrekin lotuta, sare kooperatiboak eta komunitateari hurbilagoak diren beste sare sozial batzuk aztertzeko beharra ere ikusi du, eta hori dela eta, Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastolek egin beharreko urratsak definitzen jarraituko dute.