Film Artxiboen Nazioarteko Biltzarraren egoitza Euskadiko Filmategia izango da 2028an, apirilaren amaieratik maiatzaren hasierara, hain zuzen ere. Sektoreko ekitaldi garrantzitsuena da eta mundu osoko 300 espezialista baino gehiago elkartuko ditu.

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak Quebecen defendatu du hautagaitza Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren biltzar nagusian: "Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren nazioarteko biltzarra Euskadin izatea erakustoki bikaina izango da ondare zinematografikoaren balioa nabarmentzeko eta sektoreko punta-puntako adituekin ezagutza partekatzeko".

Hitzaldian bideo bat ere aurkeztu da, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua izan da parte-hartzaileetako bat. Bere hitzetan, Lakuako Gobernuak "erabat" babesten du Euskadiko Filmategia ekimen horretan.

"Gure herrialdearen ikus-entzunezko memoria da Filmategia. Ezinbestekoa da gure iragana gordetzea eta, aldi berean, nor garen erakustea belaunaldi berriei. Bizi garen mundu global honetan, beste filmategi batzuengandik ikasten jarraitu nahi dugu, eta, halaber, gure esperientziaren berri eman ezagutza kolektibo horri", esan du Bengoetxeak.

Era berean, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak ere esku hartu dute saioan, birtualki izan bada ere; Rebordinos Zinemaldiaren eta Filmategiaren arteko lankidetza iraunkorraz mintzatu da, eta Ormazabalek Tabakalera kultura zentroak mota horretako ekitaldiak antolatzeko dituen instalazioak nabarmendu ditu.

Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren biltzar nagusian 300 aditu baino gehiago biltzen dira eta mundu mailako ekitaldi garrantzitsuena da artxibo zinematografikoen esparruan. Urtetik urtera aldatu egiten da herrialde antolatzailea, eta mundu guztiko artxibozainek, akademikoek eta zinemagileek parte hartzen dute.

Lehenbiziko biltzarra New Yorken egin zen 1939an, eta ordutik herrialdeetako hiriburuetan antolatu da gehienetan, estatuko zinemateken zuzendaritzapean. Iberiar penintsulako filmotekei dagokienez, Portugaleko Zinematekak 1989an antolatu zuen ekitaldia, Espainiako Filmotekak 1999an eta Kataluniako Filmotekak 2013an. Datorren urtean biltzarra Rabaten egingo da, eta 2027an Berlinen.

50 URTE

Gainera, Euskadiko Filmategiak 50 urte beteko dituenean hartuko du Film Artxiboen Nazioarteko Biltzarra, 1978an sortu baitzen. Ordutik, filmategiak zenbait etapa izan ditu, elkarte gisa eratu zen hasierako garaietatik gaur egun arte. Film Artxiboen Nazioarteko Federazioko eskubide osoko kidea da 2022tik.

Cinémathèque Française (Frantzia), Germany's Reichsfilmarchiv (Alemania), British Film Institute (Erresuma Batua) eta Museum of Modern Art Film Library (AEB) erakundeek sortu zuten Film Artxiboen Nazioarteko Federazioa 1938an.

Film materialak hauskorrak ziren garai hartan, eta filmak desagertzea gero eta kezka iturri handiagoa zen; bada, kezka horren erantzun gisa sortu zen federazioa.

Bigarren Mundu Gerran eten egin zen erakundearen lana, baina gerraren ondoren berriro hasi zen lanean eta kide berriak batu zitzaizkion. Erakunde garrantzitsuenetariko bat da zinemaren babesari dagokionez, eta funtsezkoa izan da kontserbazio eta zaharberritze zinematografikoen estandarrak sortzeko lanean.

Gaur egun, 79 herrialdetako 176 erakundek osatzen dute, eta munduko ondare zinematografikoa zaintzea, zaharberritzea eta zabaltzea du helburu.