Dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboan Araban enplegua sortzeko erreferente gisa finkatua, Indesak enplegu aukera ugari sortzen ditu industria jardueretan eta zerbitzu, sukalde, garbitegi, lorezaintza jardueretan eta zentro eta egoitzen garbiketan ere, eta zerbitzua ematen du sektore publikoan zein enpresa pribatuetan. Bezeroak erakunde publikoak dira gehienbat, enpresa pribatuez gain.

Indesa Arabako enpleguko zentro bereziaren administrazio kontseiluak enpresaren lehen plan estrategikoa onartu du, 2025-2030 epealdirako, bere negozio sozialaren eredua indartzeko eta etorkizuneko erronkei egokitzeko asmoz, eraldaketa ekonomiko eta sozialen testuinguruan.

Indesa administrazio publikoen partaidetzako irabazi asmorik gabeko sozietatea da -Arabako Foru Aldundiarena da zatirik handiena-, eta plantillaren %90ek desgaitasuna du.

Bada, foru erakundetik jakinarazi dutenez, plan estrategikoa "asmo handiko" ekintza programa da, eta indartu egiten du Indesaren konpromisoa bere prozesuak modernizatzearekin eta bezeroei ematen dizkien zerbitzuak hobetzearekin, Araban desgaitasuna duten pertsonentzat laneratzea eta enplegu gehiago sortzearekin, eta epe luzera lanpostu gehiago sortzea ahalbidetuko duen finantza jasangarritasunarekin.

Izan ere, enpleguko zentro bereziaren lehentasuna da dibertsitate funtzionala duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko.

Onetsitako plan estrategikoa barneko eta kanpoko azterketa sakon baten emaitza da, eta erakundearen indarguneak eta ingurune aldakor batean aurre egin beharreko erronkak identifikatu ditu.

Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatu eta Indesako Administrazio Kontseiluko presidenteak azaldu duenez, "laneratzean erreferente izaten jarraitu nahi dugu, baina baita gure eraginkortasuna eta berrikuntza gaitasuna hobetzen ere, etengabe eraldatzen ari den merkatura egokitzeko".

"Aukera paregabea da enpresa eraldatzeko eta modernizatzeko, eta haren jasangarritasuna eta talentu gaztea erakartzeko, enpresa haztea ahalbidetuz", nabarmendu du.