Euskaltzaindiak gorazarre egiten die urtero aurreko urtean hildako euskaltzainei, izan oso, emeritu, ohorezko edo urgazle, eta, ohiturari jarraituz, iaz zendutako sei euskaltzain omenduko ditu urtarrilaren 31n, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian: Iñaki Beobide, Maite Idirin, Bernard Goity, Erramun Baxok, Jose Antonio Aduriz eta Jose Ramon Zubimendi.

Ekitaldiaren buru izango dira Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua, Akademiako iturriek ostiral honetan jakinarazi dutenez.

Euskaltzaindiak urteko lehen osoko bilkura egingo du bertan, 10:00etan, eta ageriko bilkura 12:00etan hasiko da

Euskaltzaindiak urteko lehen osoko bilkura egingo du bertan, 10:00etan, eta ageriko bilkura 12:00etan hasiko da, Jargi aretoan. Joxan Goikoetxea musikariak egingo du sarrerakoa, Klara Mendizabal abeslariarekin batera, 'Egun da Santimamiña' (Gabriel Aresti-J.M. Arrizabalaga) abestia interpretatuz.

Ondoren, banan-banan irakurriko dira iaz hildako sei euskaltzainen profilak, hots, hilberri-txostenak: Joxe Mari Iriondok irakurriko du Iñaki Beobideri dagokiona, Jokin Apalategik Maite Idirinena, Xipri Arbelbidek Bernard Goityrena, Pantxoa Etchegoinek Erramun Baxokena, Miriam Urkiak aletuko du Jose Antonio Adurizen profila eta Xabier Euzkitzek Joxe Ramon Zubimendirena.

Tarteka, musikariek beste bi pieza interpretatuko dituzte: 'Txantxangorria' (M. Arrese-J.M. Usandizaga) eta 'Herri bat daukat' (Gilles Vignault-Koldo Izagirre), bertatik ondorioztatu dutenez.