Ilargi Aristondo Merino EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologiako doktoregai oiartzuarrak eskuratu du 2025eko Barandiaran Beka, 'Euskal Pirinioetako Suaren paisaia: etnografia kolaboratiboa antropozenoan' proiektuagatik.

Euskal Herriko antropologia-etnologia arloa lantzea du helburu nagusi Barandiaran Bekak, bere zuzkidura 10.000 eurokoa da eta irabazleak urtebeteko epean garatu beharko du proposatutako proiektua.

Epaimahaia abenduaren 23an elkartu zen 2025ko deialdira aurkeztutako lanen inguruko gogoeta egiteko eta aho batez eman zion beka Aristondori. Irabazleak egingo du landa lanaren zatirik handiena, baita bibliografiaren errebisioa ere, eta Olatz Gonzalez Abrisketa izango du atzetik, gidari lanak egiten, Barandiaran Fundaziotik jakinarazi dutenez.

Landa eremua ikertzen duen EHUko Antropologiako doktoregaiak bere lana definitzean esan duenez, "azken ikerketan zeharka atera zen gaia izan zen mendiko suteena, eta oraingo honetan, sakonki aztertzeko tartea eskaini nahi diot".

Horretarako, "ertz anitzeko problematika honi" heldu nahi dio idatzizko eta ikusizko etnografiaren bitartez, "laborari eta administrazioen arteko harremanetan ez ezik, paisaia eraikitzen duten bestelako agenteetan ere arreta jarriz".

"Ikerketa euskal Pirinioan kokatuko da, mugaren bi aldeetan. Hain zuzen, ikerketaren helburuetako bat ere badelako suteen kudeaketan administrazioen praktiken jarraipena egitea, eta horrela, horiek paisaia kulturalean duten eragina aztertzea", azaldu du.

Bestalde, nabarmendu du euskal antropologian murgildua dagoen edonorentzat dela erreferente garrantzitsua Jose Miguel Barandiaran, eta, hori dela eta, Barandiaran Fundazioaren beka jasotzeak duen balioa "ikaragarria" dela.

"Garrantzitsua iruditzen zait aitzindariek jarritako oinarrien gainean lanean jarraitzea, gaiak gaurkotu eta egungo prespektibatik haiekin dialogoan jarraitzea. Aberasgarria da zubi lan horiek egiten jarraitzea, eta paraleloki etorkizunerako bide berriak eraikitzen joatea. Hori guztia dela eta, asko pozten nau Barandiaran Fundazioak eskainitako aukerak", adierazi du.