Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Gabonak jarduera programa antolatu du, eta, besteak beste, Amorante musikariaren emanaldia, familientzako lantegi ireki bereziak eta animaziozko zinema saioak eskainiko ditu.

Museoko iturriek jakinarazi dutenez, jardueren proposamena datorren larunbatean hasiko da, abenduaren 14an, 17:00etan, hileroko 'Amarauna' programaren saio batekin. Amorante izango da protagonista, Iban Urizarren elgoibarraren musika proiektua.

'Musikarekin eta hitzekin jolasean' izeneko kontzertu berezia izango da, 4 urtetik gorako haurrentzat gomendatua, heldu bat lagun dutela. Sarrera doakoa da baina komenigarria da 945 20 90 20 telefonora deitu eta erreserba egitea.

Zinema ere izango da Artium Museoaren Gabonak' programan. Gaztefilm Fest zinemaldiarekin elkarlanean, museoak animaziozko bi film proiektatuko ditu abenduaren 21ean eta 22an, En sortant de l'école (Eskolatik irtetean) eta Salvajes (Basatiak). Emanaldiotarako sarrera doakoa da baina erreserba egitea komeni da, 945 20 90 20 telefonora deituta.

Artium Museoak 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegi irekien programa berezia ere prestatu du Eguberrietarako, pertsona heldu bat lagun dutela. Kolore askotako zeta-paperean egindako forma geometrikoak oinarri hartuta, parte hartzaileek 2025erako nahi dutena taxutuko dute, bai postal moduan, bai horma-irudi partekatu handi batean.

Lantegiak abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra egingo dira, goizez eta arratsaldez. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean ere lantegiak izango dira, goizez. Sarrera doakoa da eta ez dago aurretik erreserba egin beharrik.

Gainera, Artium Museoak Bor-bor lantegi irekiak izango ditu abenduaren 15ean eta 22an eta urtarrilaren 12an, goizez. Sarrera doakoa da eta ez dago aurretik erreseba egin beharrik.

Azkenik, Artium Museoak bisitari gazteenei zuzendutako irakurketa gune bat ireki du Atari aretoan. Espazio erosoa da, eta zentzumenen esperientzia batera gonbidatzen duten argitalpenak egongo dira bertan, "irakurtzera, abenturak bizitzera, era askotako munduak arakatzera eta, jakina, praktika artistikoetara hurbiltzera gonbidatzen duten liburuak". Gunera edonor sartu ahal izango da museoaren ordutegiaren barruan.