Vital Fundazioak eta Sidalava Hiesaren Aurkako Arabako Herritarren Batzordeak gida didaktiko bat eskainiko diete lurraldeko ikastetxeei, GIBaren proba azkarrak duen garrantzia landu dezaten ikasleekin, prebentzio estrategia den aldetik. Lanketaren ardatz nagusia 'Precoz' film laburra da, hausnarketara gonbidatzen duen fikziozko lana, alegia.

Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, unitate didaktikoa DBHko 4. mailako, batxilergoetako eta erdi eta goi mailetako ikasleei zuzenduta dago, eta tutoretza ekintzara bideratutako tresna pedagogikoa da. 'Precoz' film laburra, berriz, GIBari eta haren detekzio goiztiarrari buruz informatzeko, pentsaraztzeko, hitz egiteko, lan egiteko eta hausnartzeko baliabide izan dadin proposatzen da.

Proposamenak sarbide errazeko materialak eskainiko dizkio tutoreari, eta horien artean 'Precoz' film laburrak balio hezitzaile handia du: istorio bat proposatu eta kontatuko du denbora-tarte labur batean, nerabeek eta gazteek erabiltzen dituzten kodeetara egokitua, eta ikusi ondoren, esku hartzea ahalbidetuko du, hartara, interesa mantentzea eta informazioa gehiago finkatzea ahalbidetuz.

Horrela, Vital Fundazioak ikastetxeei eskaintzen ari den gida didaktikoaren egiturak film laburraren aurkezpena, jardueraren helburua eta funtsezko ideiak biltzen ditu, eta ikasleekin egiten den lana, filma ikusi ondoren, hainbat jardueraren laguntzaz osatuko da.

Filmak Mikelen istorioa kontatzen du. Mikelek sexu bikotekide ohi baten deia jasoko du, GIB analisi batean positibo eman duela jakin dezan. Albiste horren aurrean, Mikelek ziurgabetasuna eta zalantzak sentituko ditu, eta, horren ondorioz, giza immunoeskasiaren birus horri buruzko informazio ez oso zehatza bilatuko du sarean. Azkenik, Sidalavara joatea erabakiko du, proba azkar bat egiteko, bere egoera serologikoa ezagutzeko eta bere egoera ulertzen lagunduko dioten erantzun argiak lortzeko.