Vitoria-Gasteiz azken prestaketa-lanak egiten ari da irailaren 27, 28 eta 29an Erdi Aroko Azoka antolatzeko. Urte osoan antolatzen diren ekimenen artean jende gehien biltzen duen hitzordu kulturaletako bat da Azoka eta Arabako hiriburua Erdi Arora eramango du.
“Erdi Aroko azokak gure Alde Zaharra animatuko du asteburu osoan. Hala, Erdi Aroko giroa eta bizimodua birsortuko ditu. Gasteiztarrak eta bisitan datozenak gonbidatu nahi ditugu historian barneratzera eta parekorik ez dagoen esperientzia hau bizitzera. Bertan, garai harekin lotutako jarduerak, artisautzako eta elikagaien postuak, eta entretenimendua topatuko dituzte”, adierazi du Maria Nanclaresek, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak.
Kaleak musikaz, ikuskizunez eta pertsonaia fantastikoz beteko dira ostiralean, larunbatean eta igandean. Hiru egunez, saltinbankiak, juglareak, akrobatak eta malabaristak auzoan zehar biliko dira, eta 200 postu baino gehiago egongo dira kale horietan, artisau-produktuekin, elikagaiekin eta ostalaritza-eskaintzarekin.
Merkatua ostiralean, 18:00etan, irekiko dute Aihotz plazan egingo duten inaugurazio-pregoiarekin. Gainera, merkatuan parte hartuko duten antzerki-konpainia guztiek desfilea egingo dute.
Aihotz plazan, Santa Maria plazan, Buruileria plazan, Martin Ttipia plazan (Frai Zacarias eraikinaren atzean), Euskaldun Berria plazan (Eskoriatza Eskibel), Etxauri plazako aparkalekuan, San Miguel balkoian, Bilboko Santa Teresa parkean (Etxanobe lorategia) eta Falerina lorategian egingo dira jarduera gehienak, besteak beste, ikuskizunak, tailerrak, erakusketak eta bisita gidatuak. Leku horietan egongo dira tabernen eta elikagaien eremuak ere. Halaber, kaleko antzerkigileak, musikariak, zirkukoak eta izaki fantastikoak Erdi Aroko almendra osoan zehar ibiliko dira, giroa sortzen eta kolorea emanez.
Gainera, Erdi Aroko fatxada eta kale ugarietan, hiriko historiari buruzko beste elementu espezifiko batzuk ezagutzeko aukera egongo da.