Euskalgintzaren Kontseiluak euskaldunen hizkuntza eskubideen bermea aintzat hartu eta erdigunean jar dezatela eskatu die euskal osasun sistemari buruzko herri ituna lortzeko Eusko Jaurlaritzak antolaturiko prozesuan parte hartuko duten alderdi politiko, sindikatu zein osasun arloko erakundeei eta, bereziki, Jaurlaritzari berari.

Kontseiluaren iritziz, herritarrei osasun zerbitzu egokiak berdintasunez jasotzeko aukera bermatzea "oinarrizkoa da justizia soziala eta gizarte kohesioa gauzatuko badira", eta osasun arreta egokia izan dadin "ezinbestekoa" da herritarra ardazten den hizkuntzan eskaintzea eta euskaraz ardazten diren herritarrek euskaraz jasotzea.

"Hain zuzen ere, asko dira osasun zerbitzua norberaren lehen hizkuntzan jasotzeak sendatze prozesuetan eta, orokorrean, osasuntsu bizitzean duen garrantzia erakusten duten ikerketak, eta horixe azpimarratzen duten osasun arloko profesional eta adituak. Norbera ardazten den hizkuntzan aritzea komunikazio gaitasunarekin eta ongizate emozionalarekin estuki lotuta dago, eta komunikazio ona eta testuinguru emozional egokia osasun arta egokiaren zutoinak dira. Funtsean, kalitatezko osasun zerbitzuaren ezinbesteko oinarri bat da", azaldu du.

Ildo horretan, Kontseiluak deitoratu du Osakidetza "urrun" dago oraindik "euskaldunen hizkuntza eskubideak eta osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera bermatzetik", eta "gabezia nabarmena" dela ziuertatu du.

Gainera, salatu duenez, "azken boladan, Osakidetzan lan egiteko aukera berdintasunaren aitzakian, euskaldunen hizkuntza eskubideak eta osasun arreta egokirako berdintasuna gutxiesten duten diskurtsoen indartzea ari gara ikusten".

Horrela, Kontseiluak ohartarazi du Osakidetza osasun zerbitzu publikoaren zein bere langile guztien xedea eta egitekoa osasun arreta egokia ematea dela. "Eta, arestian aipatu bezala, horren oinarrietakoa da norbera ardazten den hizkuntzan jasotzea zerbitzua", gaineratu du.