25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa programak 6.500 eskaera baino gehiago jaso ditu indarrean daramatzan lehen sei hilabeteetan. Prestazio hori hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez 24 hilabetez, betiere etxebizitza libre baten alokairu, hipoteka edo mailegu pertsonaleko gastua frogatzen bada. Eskaerak egiteko epea otsailaren 20an ireki zen.
Lehen sei hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak guztira 6.562 eskaera jaso ditu. Lautik ia hiru, % 72,3, alokairuan emantzipatu diren edo emantzipatuko diren gazteek aurkeztu dituzte, eta gainerako % 22,7 erositako etxebizitzan egingo dutenek.
Eusko Jaurlaritzak, Miren Saratxaga Gazteria zuzendariaren bitartez, nabarmendu du orain arte lortutako erantzuna “oso positiboa” izan dela eta “egindako aurreikuspenekin bat datorrela”. “Erantzun horrek berresten du, halaber, Emantzipa laguntzaren kontzeptuak emantzipazio-prozesuan dauden gazteen benetako premiari erantzuten diola”, erantsi du. Gainera, ez da gorabehera negatibo nabarmenik gertatu, eta, horrenbestez, diseinatutako aplikazioa eta kudeaketa-operatiboa behar bezala funtzionatzen ari dira.
Gazteria Zuzendaritzak bultzatutako Ematzipa Programa gazteen emantzipazioa bultzatzeko eta erronka demografikoari aurre egiteko neurrien sistema baten parte da. Izatez, legealdi honetan Gazteria Zuzendaritza Nerea Melgosak zuzentzen duen Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa Sailean barne hartu da.
Horrela, aipatzekoa da Emantzipa programa bateragarria dela Eusko Jaurlaritzaren beraren beste ekimen mota batzuekin, hala nola gazte enpleguaren talka-programarekin, Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzekin, Haurreskolen doakotasunarekin edo hiru urtera arteko seme-alabak hazteagatiko laguntzekin, besteak beste. Saratxagak adierazi duenez, “erronka demografikoari erantzuteko giltzarri gisa gazteei laguntzea aintzat hartzen duen estrategiaren parte da Emantzipa programa”.
Jaso diren 6.500etik gora eskaerak honela banatzen dira: lurraldeen arabera, eskatzaileen % 52 Bizkaikoak dira, % 33 Gipuzkoakoak eta % 15 Arabakoak. Udalerrien arabera, 1.593 eskaera Bilbon emantzipatzen diren gazteenak dira, 829 Vitoria-Gasteizen emantzipatzen direnenak, 811 Donostian emantzipatzen direnenak, 273 Barakaldon emantzipatzen direnenak eta 177 Getxon emantzipatzen direnenak.