UPV/EHUko Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa-jarduerari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko ikerketa-taldearen lan batek azalarazi du enpresa energetikoek ezkutatu egiten dutela euren jardunak bioaniztasunari eragindako kalteen % 47.
Euroguneko 30 energia-enpresa nagusienei lotutako 47 gertakari aztertu dituzte (deforestazioak, hegaztien elektrokuzioak, habitaten suntsitzea…), eta 22 ez dira izendatu ere egiten haien jasangarritasun-txostenetan. “Europako direktibek derrigortu egiten dituzte enpresa handiak ingurumenari eta bioaniztasunari lotutako dokumentuak argitaratzera, baina ez dago guztiz zehaztuta horietan azaldu beharreko informazioa. Norberak erabakitzen du zer alderdiri buruz hitz egin. Beraz, aske jokatzen dute eta euren irudia leuntzen dute”, dio lanaren egileak.
Izan ere, ikusi dute energia-enpresek biodibertsitatearen kontrako gertakarien % 23 bakarrik adierazten dituztela argi.
Bestalde, badira modu lausoan komunikatzen dituzten jazoerak ere. 14 kasutan, aztertutako inpaktu kaltegarrien % 30ean, antzeman dute enpresek ardura neutralizatzeko estrategiak erabiltzen dituztela. Blancok dioenez, gehien erabiltzen duten teknika da alde onak eta ekintza positiboak azpimarratzea: “Adibidez, batzuek bioerregaiak ekoizteko olio-palmondoak landatzen dituzte inguru tropikaletan, bertako ekosistemak suntsituz.
Aldiz, jasangarritasun-txostenetan hori leuntzeko atentzioa desbideratzen dute. Azpimarratzen dute beste lurralde batzuetan zuhaitz ugari landatu dituztela. Eta horrek ez du konpontzen enpresak palmondoekin eragindako deforestazioa, besteak beste kaltetutako tokitik oso urrun egiten dituztelako landaketak”. Beste batzuetan, energia-enpresek argudiatzen dute ez dagoela argi zein den sarraskiaren eragilea. Edota, zuzenean, bestelako aktoreei leporatzen diete errua. Esaterako, hornitzaileei.