Mallabiko Udalak saneamendu proiektu garrantzitsua iragarri du Goitondoko industrialdean Ermuko kolektorearekin lotzeko. Honekin lortuko da eremuko saneamendu azpiegitura hobetzea, kutsadura murriztea, Zabaleta ibaia babestea eta ekosistema osasungarriagoa lortzea.

Mallabiko Udalak azaldu duenez, proiektu honen helburua da Goitondoko industrialdea Ermuko kolektorearekin lotzea eta, handik, Elgoibarko araztegiarekin. Inbertsioa, guztira, 3.800.000 eurokoa da.

Hurrengo urteetan, enpresek beharrezko konponketak egin zituzten, eta ahalegin hori 2021ean amaitu zen

Proiektu hau 2015ean hasi zen lantzen, Mallabiko Udala Goitondo poligonoko enpresekin bildu baitzen saneamendu-sistemaren egoera txarrari eta poligonoaren beraren urbanizazioari aurre egiteko. Hurrengo urteetan, enpresek beharrezko konponketak egin zituzten, eta ahalegin hori 2021ean amaitu zen. Poligonoko saneamendu-sistema baldintza egokietan zegoela, Mallabiko Udalak URArekin koordinatu zuen Goitondo eta Ermua arteko lotura erabakigarria gauzatzeko.

"Ondakin-uren kudeaketa egokia eta ingurune naturalarekiko errespetuzkoa bermatuz"

"Mallabiko Udaletik proiektu honen garrantzia azpimarratu nahi dugu, ez bakarrik ikuspuntu teknikotik, baita ingurumenean duen inpaktu nabarmenagatik ere. Saneamendu-sarea hobetzeak zuzenean laguntzen du gure ur-baliabideak babesten, hondakin-uren kudeaketa egokia eta ingurune naturalarekiko errespetuzkoa bermatuz. Gure administrazioak konpromiso sendoa du gure komunitatearen iraunkortasunarekin eta ongizatearekin.", azpimarratu du Igor Agirre, Mallabiko alkateak.