Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zortzi udal dira hautagai 2024ko Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortzeko (ELoGE, ingelesezko siglekin). Hain zuzen, Gipuzkoako Azkoitia, Donostia, Irun, Errenteria eta Legazpi, Bizkaiko Erandio eta Ermua eta Arabako Laudio dira gobernu onaren eta kalitate demokratikoaren arloko Europako bereizgarririk garrantzitsuena lortzeko hautagaiak.
Aitorpenak ostegunean jakinarazi eta emango dira, uztailaren 18an, Donostiako EKINN ekintzailetza zentroan, Esther Apraiz Eudeleko elkarteburua eta Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkaria buru izango diren ekitaldian, 10:30ean hasita.
Eneko Goia Donostiako alkateak eta Ana Lopez zinegotziak, Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak, Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Cristina Laborda Irungo alkateak, Ainize Gastaka Laudioko alkateak, Eric Galvez Legazpiko alkateak eta Jon Garcia Erandioko alkateordeak ere parte hartuko dute ekitaldia, Euskadiko Udalen Elkartetik jakinarazi dutenez.
Eudel Euskadiko Udalen Elkartea zigilua emateko Europako Kontseiluak baimendutako lehen eskualde plataforma bihurtu zen 2017an. Aurten, ELoGEren bosgarren edizioa egin da Euskadin. Aurreko lau urteetan, hogei bat udalerrik parte hartu izan dute eta horietatik 12k jaso dute saria. ELoGE zerrenda, orain arte, Europako 21 herrialdetako 300 udalerri inguruk osatzen dute.
ELoGE lortzeko, udal hautagaiek autoebaluaziorako metodologia zorrotza erabiltzen dute, eta horrek gobernu onaren 12 printzipioei buruzko 72 adierazle gainditzea dakar: Partaidetza demokratikoa, Giza eskubideak, Zuzenbide estatua, Etika publikoa, Kontuak ematea, Irekitasuna eta gardentasuna, Kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea, Lidergoa, gaitasunak eta ahalmenak, Erreakzio gaitasuna, Ekonomia eta finantza kudeaketa sendoa, Jasangarritasuna eta epe luzerako ikuspegia, eta Aldaketara eta berrikuntzara irekitzea.