CIC biomaGUNE ikerketa zentroko Erradiokimikako eta Irudi Nuklearreko Laborategiko ikertzaile nagusia den Jordi Llop doktorea Irudi Molekularraren Europako Elkarteko (ESMI, ingelesezko siglekin) presidente izendatu dute.
ESMIk 20. urteurrena bete du eta, gaur egun, irudi molekularraren arloari lotutako 1.400 profesional baino gehiago ditu, Europan, Amerikan eta Asian lanean ari direnak. Sozietateak ordezkatzen duen komunitate zientifikoak irudi molekularraren hainbat diziplinatan lan egiten du "organismo bizi baten barruan maila molekularrean edo funtzionalean zer gertatzen ari den ikusteko, bai baldintza normaletan, bai patologikoetan, gehienetan modu ez-inbaditzailean", azaldu du Llopek berak.
CIC biomaGUNEtik jakinarazi dutenez, irudi molekularra oso eremu zabala da, oinarrizko ikerketa, ikerketa aurreklinikoa, translazionala eta klinikoa barne hartzen baititu.
"Organismo baten barruan maila molekularrean zer gertatzen den jakiteko erabiltzen da, eta aplikazioen artean daude, esaterako, gaixotasunen diagnostikoa, gaixotasunei lotutako fenomeno fisiopatologikoen ikerketa edo tratamendu baten erantzunaren ebaluazioa. Irudi molekularrak hainbat gaixotasunetan du aplikazioa: minbizia, gaixotasun neurodegeneratiboak, arnasketakoak, kardiobaskularrak, infekziosoak edo muskulueskeletikoak", adierazi du Llopek.
Irudi modalitate guztiak eta erlazionatutako diziplina guztiak integratzea da ESMIren eginkizun nagusia, diziplinarteko aliantzak sustatzeko, irudiaren inguruko azterlan esperimentaletan eskuratutako ezagutzak eremu klinikora transferitzeko helburuarekin.
Llopen hitzetan, "gaur egun komunitate zientifikoak gero eta arazo konplexuagoei aurre egiten die. Ingurune biomedikoak ezagutza oso desberdinak dituzten adituen laguntza behar du asmo handiko proiektuak aurrera eramateko. Lankidetza funtsezkoa da, eta ESMI lanean ari da komunitate horri informazioa trukatzeko tresnak emateko eta lankidetza sustatzeko".
Alde horretatik, 2025eko martxoan Bilbon egingo den Irudi Molekularraren Europako 20. Biltzarra antolatzen ari da Irudi Molekularraren Europako Elkartea.