Tuvisa Gasteizko hiri autobusen udal konpainiak 1.748.502 bidaiarirekin itxi du otsaila, hau da, 2025eko hilabete berean baino %5,92 gehiagorekin. Hazkundea urteko metatuan ere islatu da, 3.507.571 bidaia egin baitira urtarrilean eta otsailean, iaz baino %5,70 gehiago.

Gasteizko Udaletik nabarmendu dutenez, otsaileko bidaiarien kopurua hileko 1,8 milioi erabileren "muga psikologikotik" oso gertu dago berriro ere. Hain zuzen ere, konpainiak muga hori behin bakarrik gainditu du, 2025eko urrian (horixe izan ohi da, tradizioz, hiri-garraiorako hilabeterik onena).

Azterketa lineen arabera eginda, beste behin, auzo berrien eskaera handia izan da. Horrela, Goikolarrarekin lotura duten lineek %10 inguruko igoera izan dute iazko otsailarekin alderatuta; Lakua-Mariturri L4 lineak 250.000 erabilera inguru izan ditu hilean; Zabalgana-Arkaiate L6 lineak, berriz, 245.000 bidaia baino gehiago egin ditu (duela urtebete 214.000 bidaia izan ziren). BEIk ere goranzko joerari eutsi dio, eta milioi erdi erabilera gainditu ditu berriro ere A eta B ibilbideen artean.

LINEAK

Eguneko gainerako lineek izandako datuak ere aipagarriak izan dira: zirkularrak 67.000 bidaia baino gehiago izan ditu, eta Aldaia-Larreinek 175.507 erabilera. Gaueko zerbitzuan, Gautxori lineek 11.800 bidaia baino gehiago egin zituzten zortzi gauetan, eta protagonismo berezia izan zuten G3ak eta G4ak, bakoitzak 4.000 erabilera baino gehiago izan baitzituen.

BUX landagunerako garraio zerbitzuari dagokionez, QR kodearen bidezko bonua salmenten %34,2 da jada, eta hazkundea sendotu du. Gainera, bilakaera positiboari eutsi dio eta 1.500 erabileratik gora izan ditu (duela urtebete 1.200 erabilera izan zituen). Txartel hobaridunen eta Mugi eta Barik txartelen erabilerek ere gora egin dute, otsailean 71.938 bidaira iritsi baitira.