Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astearte honetan, uztailaren 16an, behe-hodei ugari izango dira Kantauri isurialdean eta euri pixka bat egin dezake han-hemenka. Mediterraneo isurialdean, berriz, giro eguzkitsua nagusituko da, goi-hodei batzuekin. Arratsaldean Kantauri isurialdean atertu eta argitzera egingo du, eta hodeitza goizean baino saretuago egongo da.

Tenperatura jaitsi egingo da; jaitsiera nabarmenagoa izango da Mediterraneo isurialdean eta maximoak 25 graduren bueltan geratuko dira. Hiriburuetan, Baionan 18 gradu espero dira gutxienez eta 24 gehienez, Bilbon 17 gutxienez eta 23 gehienez, Donostian 16 gutxienez eta 22 gehienez, Gasteizen 12 gutxienez eta 24 gehienez, eta Iruñean 15 gutxienez eta 27 gehienez.

Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da 2-3ko indarrarekin, hego-osagaia nagusituz, eta eguerdi inguruan ipar-osagaitik finkatuko da 3koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 00:41ean eta 13:24an izango dira, eta itsasbehereak 07:01ean eta 19:29an. Uraren tenperatura 21 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Goiz-lanbroa. Kantauri isurialdean zerua tarteka hodeitsu egongo da behe-hodeiekin; gainerako tokietan zerua hodei gutxirekin egongo da, egunaren lehen partean tarte hodeitsuekin. Kantauri isurialdean euri txikia egin dezake noizbehinka; arratsalde-gauean atertu egingo du. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; goizean ipar/iparekialdetik finkatuko da, ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorren batekin Araban arratsalde-gauean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak nahikoa jaitsiko dira".