Abetxukuko bizilagunek dagoeneko erabilgarri dituzte kale berriak. Horietan, oinezkoek lehentasuna izango dute motordun ibilgailuen aurrean. Auzoko zazpi bideetako zirkulazioa baretzeko plana errealitate bihurtu da. Hala, S28 erregulazioa ezarri da, autoek bertatik zirkulatu behar dutenean abiadura 20 kilometro/ordukora mugatzen duena.

Kaleak zeharkako bandekin eta tamaina handiko zirkuluekin errotulatu eta margotu dira, eta haietako bi kaletan, bizilagunek hala eskatuta, sarrerako eta irteerako pasabideak handitu dira (Eliza eta Kristo kaleak), tamaina handieneko ibilgailuei maniobrak errazteko. Bide horietan dabiltzan pertsonen bide-segurtasuna indartzeko esku-hartzeak izan dira.

Aste honetan, Maider Etxebarria alkateak, Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak eta Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak obrak bisitatu dituzte, eta in situ egiaztatu dituzte espazio publikoa eta, bereziki, Abetxukun bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egindako lanak. Bizilagunen eskaerei ere erantzunez, seinale bertikalak jarri eta pinturarekin identifikatu dituzte mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuentzat erreserbatutako plazak hainbat espaziotan (Bizan aurrean eta Kooperatiba plazan).

Auzora egindako bisitan, Maider Etxebarria alkateak adierazi duenez, “obra horiek dira Udalak auzoak hobetzeko duen kezkari ematen dion erantzuna. Era berean, gure kaleak oinezkoentzat irisgarriagoak eta seguruagoak egiteko udal-gobernuak abian jarritako estrategiaren parte dira; horrela, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetuko baititugu”.