Primeran euskal eta euskarazko edukien doako plataformak 100.000 harpidedun baino gehiago bildu ditu 2023ko irailaren 15ean martxan jarri zenetik. Marka hori behar bezala ospatzeko 100.000. zenbakia duen erabiltzailea saritu du, eta bigarren sari bat ere zozkatuko da @pr1meran kontuan.

EITBko iturriek ostiral honetan jakinarazi dutenez, euskal eta euskarazko edukien 'streaming' zerbitzurik handiena da Primeran. Denetariko eskaintza du, baita eduki esklusiboak ere, eta astero dakartza titulu berriak. Gaur egun, 7.000 eduki inguru daude Primeran plataforman, eta horietatik %95 euskaraz; zehazkiago, %91k euskarazko audioa du, eta gainerakoek azpitituluak.

Horrela, euskal zinema onenaren arrakasta handiak estreinatu ditu, euskaraz, tartean '20.000 erle espezie' (2023), 'Gelditasuna ekaitzean' (2023), 'Udaberriaren sagarapena' (2022), 'Unicorn wars' (2022) eta 'El Vasco' (2019). Aste honetan bertan 'Batez ere gauez' (2023) iritsi da plataformara; Victor Iriarte euskal zuzendariaren lehenengo film luzea da, eta Venezia Mostrako Giornate degli Autori sailean estreinatu zen iaz.

Euskarazko fikziozko telesailak dira plataformaren beste zutabe nagusietako bat, 'Itxaso', 'Toure Detektibea' eta nazioarteko proposamen onenen eskutik. 'Originalak' katalogoan, berriz, denetarikoak daude, hala nola 'Iban & Maite Beauty', 'Itsatsita', 'Surfing 360' eta 'Altxa Komedia. Orobat, Primeran plataforman estreinatu dira 'Iribar, atezaina' (2023) eta 'Unzue. Juancarren azken taldea' (2023) dokumentalak.

Gainera, datorren astetik aurrera, zuzeneko emanaldiak eskainiko ditu 'streaming bidez'. Donostiako Dantz Festival jaialdia izango da lehen proposamena, uztailaren 18an, 20:30ean, Saguestik. Plataformak uda honetan eskainiko dituen zuzeneko musika elektronikoaren sei emanaldietatik lehena izango da, eta nahikoa izango da erregistratzea horiekin guztiekin eta askoz gehiagorekin gozatzeko.

Primeran 200.000 harpidedunen langari begira jarri da jada, ikusleen aldetik izandako harrera bikaina ospatzeaz batera. Publikoaren arrakasta horri sektoreak berak egindako aitortza ere gehitu zaio, 2023ko Kazetaritza Digitala saria jaso baitzuen Euskal Kazetaritza Sarietan, eta OTT Proiektu Onenarena TM Broadcast 2024 entzutetsuetan.