Euskal Gorrak elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zenbait irakasle eta ikertzaileren arteko elkarlanaren ondorioz, EHUk 'Itzulpengintza eta Interpretazioa Espainiako Zeinu Hizkuntzan (TILSE) eta bere Aplikazio Eremuak' unibertsitate hedakuntzako diploma antolatu du, Espainiako zeinu hizkuntzaren erabilera dela-eta gizartean dagoen premiari eta informazioa zeinu hizkuntzako hiztun gorrentzat eskuragarria izateko premiari erantzuteko.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, eskolak erdipresentzialak izango dira eta irakasle gehienak espainiar zeinu hizkuntzan adituak diren pertsona gorrak izango dira, bai eta esperientzia daukaten interpreteak ere. Diploma hau da Espainiako iparraldeko unibertsitate eremuan prestakuntza mota honetarako egiten den eskaintza bakarra.

Gradu edo master bat ikasten ari diren eta espainiar zeinu hizkuntzan edo gorren komunitatean interesa duten pertsonei zuzenduta dago diploma. Gainera, aukera bat ere bada Lanbide Heziketako ikasketak eginda dituzten interpreteentzat, ezagutzak birziklatu eta eguneratu ditzaten edo berriro praktika har dezaten.

Diploma eskuratuko dutenek Espainiako zeinu hizkuntzako itzultzaile eta interprete moduan jardun ahalko dute lan merkatuan, eta hainbat espezializazio eremutan egin ahal izango dute lan, hala nola hezkuntzan, osasunean, ikusentzunezkoetan, arlo instituzionalean eta abar. Gainera, pertsona gorren psikosoziologiarekin zein ikus-entzunezko irisgarritasunarekin lotutako gai orokorrei esker, ikasketak amaitzen dituztenek beste lan aukera batzuk izango dituzte.

Informazio gehiago eta izena emateko formularioa https://www.ehu.eus/eu/web/graduondokoak/itzulpengintza-inte...- espainiako-zeinu-hizkuntza-unibertsitate-hedakuntzako-diploma web orrian daude eskuragarri.