Ertzaintzak, Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren bidez, eta Alicanteko eta Malagako Polizia Nazionaleko agenteek hiru pertsona atxilotu dituzte indarra erabiliz hainbat etxetan lapurreta egitea eta errezibitze-delitua leporatuta.

"Atxilotuek Estatuko hainbat eta hainbat herritan egin dituzte delituak, eta 70 eraikinetan baino gehiagotan egin dute lapurreta. Bi kidegoetako agenteek gertakariak eta erabilitako punta-puntako metodo eta teknikak argitzeko egindako ahalegin handiari esker argitu ahal izan dira lapurreta horiek guztiak, eta egileak atxilotu eta lapurtutako objektu asko berreskuratu dituzte", azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik.

Lapurreten arteko loturak argitzea

Bi kidegoek modu independentean hasi zuten ikerketa, baina lapurreta batzuk euren mugapeetan egin zirela, modus operandi bera erabili zutela eta ezaugarri berberetako objektuak lapurtu zituztela detektatu ondoren, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez koordinatutako baterako operazio bati ekin zitzaion.

Beharrezko ikerketak egin ondoren, ikertzaileek egiaztatu ahal izan zuten atxilotuetako bi izaten zirela lapurreten lekuetan, egun eta ordu berean. Bi pertsona horiek delituak egindako lekuen inguruan detektatu zituzten bai Ertzaintzak hedatutako baliabideek bai Polizia Nazionalak hedatutakoek.  

Objektuak berreskuratzea

Ertzaintza eta Polizia Nazionala bi pertsona horien inguruan ibili ziren eta biak erabat identifikatzea lortu zuten. "Espainiako hiri batetik bestera zebiltzan, Malagan bizi ziren eta lapurtutako objektuak biltegiratzeaz eta legez kanpoko merkatuan irteera bilatzeaz arduratzen zen hirugarren pertsona batekin harremanetan zeuden bi atzerritar ziren. Azken hori, emakumea, susmagarri nagusietako baten bikotekidea zen", azpimarratu dute.

Agenteek hiru pertsona horiei buruzko ikerketa ixteko beharrezko datu guztiak izan zituztenean, dispositibo bat ezarri zuten eta bi gizonezkoetako bat eta emakumea atxilotu zituzten. Atxiloketak bien etxeetan egin zituzten, Malagako Fuengirola herrian. Dispositiboaren fase horretan, hirugarren inplikatua Picassenteko (Valentzia) espetxean zegoela jakin zuten, eta ikertu gisa geratu zen. Pertsona hori zigorra betetzen ari zen, bere delitu-karrera luzean abian zen ikerketakoen antzeko gertakari ugari pilatu baitzituen.

Agenteek miaketak egin zituzten etxeetan, eta lapurretetan lapurtutako hainbat eta hainbat objektu aurkitu ahal izan zituzten. Horien artean, bitxi ugari, telefono mugikorrak, aurreordainketarako txartelak, gailu elektronikoak eta eraikinak zabaltzeko erabilitako erreminta bereziak. Horrez gainera, eskudirutan 16.950 euro eta zuzenean lapurretekin erlazionatzen zituzten ibilgailuen dokumentazioa ere aurkitu zituzten.