Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, berriro ere eguraldi nahasia espero da. Goizean ostarte txikiak ireki daitezke eta ateri eutsiko dio leku askotan. Egunaren bigarren partean zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu.
Goizean goiz hego-haizea ibiliko da, eta arratsaldean mendebaldera aldatuko da eta gero ipar-mendebaldera. Tenperatura freskoarekin jarraituko dugu. Hiriburuetan, Baionan 8 gradu espero dira gutxienez eta 17 gehienez, Bilbon 9 gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 8 gutxienez eta 17 gehienez, Gasteizen 5 gutxienez eta 16 gehienez, eta Iruñean 7 gutxienez eta 17 gehienez.
Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da, 2ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar-osagaira egingo du 2-3koarekin; itsasko kizkurra eragingo du, arratsaldean itsaskirriko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2-2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu hasieran, eta egunak aurrera egin ahala txikitu eta egunaren amaieran 1-1,5 metrokoak izango dira. Itsasgora 12:44an izango da, eta itsasbehereak 06:18an eta 18:31n. Uraren tenperatura 15 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.
Balorazioa
"Zerua tarteka hodeitsu egongo da; arratsaldean oso hodeitsu geratuko da. Goizaldean han-hemenka eta noizbehinka zaparradaren bat egin dezake. Arratsaldean zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak", esan eta gaineratu zuten bertatik: "Trumoi-ekaitzak izan daitezke. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorren batekin mendi inguruetan; arratsaldean haizeak ipar-osagaira egingo du. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".