Gasteizko Udalaren Reutilizagune zerbitzua Hondakinen Prebentzio Astearen Europako saria eskuratzeko hautagaia da administrazio publikoen kategorian. Epaimahaiko bost adituek Europan hondakinak sortzea murrizteko abiatutako 14.500 ekimen baino gehiagoren artean hautatu dute udal zerbitzua.

Gasteizko Udaleko Ingurumen Kudeaketako zinegotziak nabarmendu du finalisten artean egoteak "ibilbidea babestea eta bermatzea eta gure herritarrek egindako lan ona aitortzea" esan nahi duela. "Izan ere, haien laguntzari esker, Reutilizagune moduko ekimen berezi baten arrakasta izatea lortu dugu denon artean", gaineratu du.

Izendapenaren bidez, Reutilizagune zerbitzua orain Europa mailan ezagutaraziko dela esan du, "hondakinak murrizteko eta produktuak berrerabiltzeko estrategien adibide gisa". Zerbitzuari esker, produktuen bizitza luzatu eta, horrela, eguneroko kontsumoak duen ingurumen inpaktua murriztu daitekeela gogorarazi du.

Horrez gain, Reutilizagunek garapenerako bi lankidetza proiekturekin kolaboratzen du, Gineako Konakryn eskola bat eraikitzen lagunduz eta Kolonbiako Ibague hirian gazteen eraldaketa sozialerako jarduerak bultzatuz. Lankidetza horiei esker, Reutilizagunek alderdi sozial eta solidarioa ere baditu, ingurumenaren arloan betetzen duen jarduera garrantzitsuaren osagarri.

Hondakinen Prebentzio Asteko Europako sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 18an izango da, Marseillan. Bost kategorietako bakoitzean, komunikazioa eta ikusgarritasuna, edukiaren kalitatea, originaltasuna eta jardueren jarraipena eta inpaktu iraunkorra hartu dituzte kontuan hautagaien azken aukeraketa egitean.