Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteazkenean, maiatzaren 15ean, berriro ere zeruan hodei dezente pilatuko da eta noizbehinka zaparrada batzuk egingo ditu, probabilitate handiagoarekin egunaren bigarren partean. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da goizean, eta arratsaldean iparraldekoa nagusituko da.

Tenperatura altuenak 15-17 gradu ingurukoak izango dira; Gasteizen 6 gutxienez eta 15 gehienez

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Euskalmetetik azpimarratu dutenez, urte sasoirako giro nahiko hotzarekin jarraituko dugu, eta tenperatura altuenak 15-17 gradu ingurukoak izango dira. Hiriburuetan, Baionan 8 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez, Bilbon 9 gutxienez eta 16 gehienez, Donostian 8 gutxienez eta 16 gehienez, Gasteizen 6 gutxienez eta 15 gehienez, eta Iruñean 7 gutxienez eta 16 gehienez.

Uraren tenperatura 15 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da

Itsasoan hego-mendebaldeko haizea ibiliko da 2-3ko indarrarekin, goizean ipar-mendebaldera aldatuko du 3koarekin, eta egunaren amaieran baretu eta aldakor ibiliko da; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta goizean txikitu eta egunaren amaieran 2-2,5 metro ingurukoak izango dira. Itsasgorak 11:28an eta 23:51ean izango dira, eta itsasbehereak 05:05ean eta 17:17an. Uraren tenperatura 15 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da, ondorioztatu dute Euskalmetetik.