Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataformak agerraldia egin du Ruiz de Bergara jauregiaren inguruan, eta Gasteiz Antzokia "lehenbailehen" abian jartzea eta "sortu duen arazoa" konpon dezala eskatu dio Gasteizko Udalari.
Asmo horri begira ekintza batzuk iragarri dituzte plataformako ordezkariek, hala nola elkarrizketak talde politiko guztiekin, udal bilkuran mozio baten aurkezpena eta sarean dagoeneko abian dagoen sinadura bilketa berriro aktibatzea.
Gogorarazi dutenez, dozena bat urte igaro dira Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma 2012an sortu zenetik. Orduan bezala, oraingoan ere, jatorri, belaunaldi eta sentsibilitate desberdineko euskaltzaleak bildu dira Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataforma biziberritzeko eta egitasmoa behin betikoz errealitate bihurtzeko asmoz.
Ruiz de Bergara jauregiaren inguruan elkartu dira, eta ez dela "kasualitatea" aipatu dute, Gasteizko Udalak eraikina zaharberritzeko lanak burutu baititu bertan Gasteiz Antzokia kokatzeko. "Kontua da, lan horiek 2022ko irailaz geroztik amaituta daudela, baina oraindik eraikinak ateak itxita jarraitzen duela, antzokiaren egitasmoa bete gabe. Udalak arrazoi burokratiko eta administratiboak argudiatu ditu eraikina oraindik itxita mantentzeko", deitoratu dute.
Plataforma bezala egoera ezin dutela "inolaz ere ulertu" esan dute, eta "erabat kafkiarra" dela: "Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita eta euskaraz burutzeko ziren hainbat ikuskizun amets galduen tiraderan sartuta".
Ildo horretan, gogorarazi dute 2015-2022 aldian Oihaneder Euskararen Etxea martxan izan dela, Lazarraga elkarteak kudeatuta. Bitarte horretan 900 kultur jarduera antolatu dira, 66.868 erabiltzailerekin. "Hori dena galtzen ari gara", salatu dute.