Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan %48ko hazkundea izan da maileguetan azken lau urteetan, eta horrela, pandemiak sortutako jatsiera ia erabat estali da. Hain zuzen, sareak 2.740.425 mailegu egin zituen 2023an, eta paperak (2.618.524) indartsu jarraitu zuen euskarri digitalen aurrean.
Gainera, iaz 253.363 mailegu egin ziren liburutegien artean, hau da, erabiltzaile batek liburu bat bere liburutegian aurkitzen ez duenean, beste batetik helarazten zaio. Sareak 976.465 lagun batzen ditu eta iaz 42.000 erabiltzaile berri baino gehiagok eman zuten izena, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak astelehen honetan plazaratutako datuen arabera.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean 2023an gehien mailegatu ziren liburuak 'Bar Gloria' (Nerea Ibarzabal), 'Eraikuntzarako materiala' (Eider Rodriguez) eta 'Azken etxea' (Arantza Urretabizkaia) izan ziren euskaraz, eta 'Esperando al diluvio (Dolores Redondo), 'El ladrón de rostros' (Ibon Martin) eta 'El cuco de cristal' (Javier Castillo) gaztelaniaz.
Sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko
Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko.
Sarearen oinarria udal titulartasuneko liburutegiak dira; edonola ere, bertan dago Arabako Foru Aldundiko Ignacio Aldecoa liburutegia eta sartzear da Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Mitxelena Kulturunea. Halaber, sarean udalaz kanpoko titulartasuna duten beste liburutegi batzuk ere sartzen dira (Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia, Arantzazuko Liburutegia, HABE). Gaur egun, Euskadiko Irakurketa Publiko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.899.917 ale biltzen ditu.