Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astelehenean, martxoaren 18an, fronte batek eguraldi aldaketa ekarriko digu, lainotu eta freskatuko du. Giro motel samarra izango dugu eta euri apur bat egin dezake, bereziki Kantauri isurialdean. Hegoaldean hodeitza ez da horren trinkoa izango, ateri eutsiko dio goizean eta ostarteak ere zabalduko dira. Egunaren bigarren zatian ezegonkortasuna areagotu egingo da eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki mendi inguruetan.

Haizeak ipar ukitua izango du eta tenperatura jaitsi egingo da; beroenak 18-20 gradu ingurukoak izango dira. Hiriburuetan, Baionan 13 gradu espero dira gutxienez eta 18 gehienez, Bilbon 13 gutxienez eta 20 gehienez, Donostian 12 gutxienez eta 19 gehienez, Gasteizen 8 gutxienez eta 19 gehienez, eta Iruñean 9 gutxienez eta 21 gehienez.

Itsasoan ekialdeko haizea ibiliko da, 2ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar-ekialdera egingo du eta 3ko indarrarekin ibiliko da; itsaso kizkurra eragingo du, eta itsaskirria arratsaldean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgora 11:46an izango da, eta itsasbehereak 05:02an eta 17:33an. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

"Goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Goizaldean Kantauri isurialdean hodeitza handituz joango da, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu gelditu arte; gainerako lekuetan zerua tarteka hodeitsu agertuko da. Arratsalde-gauean hodeitza handituz joango da, oso hodeitsu gelditu arte. Egunaren lehenengo partean Kantauri isurialdean baliteke han-hemenka zirimiria egitea. Arratsaldegauean zaparrada txiki-ertainak botako ditu, eta baliteke lekuren batean handiak izatea, bereziki barnealdean. Trumoi-ekaitzak jo dezake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da eta egunaren erdiko orduetan ipar-osagaitik finkatuko da, tarteka bizi, eta arratsaldean ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira Kantauri isurialdean eta aldaketarik ez gainerako lekuetan", azpimarratu dute bertatik.