Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatu duten Udalekuak 2024 kanpainak jolas eta hezkuntza programa zabala eskainiko die hiru lurraldeotako ume eta gazteei. Orotara 4.203 plaza izango dira, iaz baino 210 gehiago, horietako 1.695 Araban, 1.498 Bizkaian eta 1.010 Gipuzkoan, 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat, eta plazen zozketarako izen-ematea asteazken honetan ireki da, martxoaren 13an. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra egingo dira, biak barne.
Foru erakundeko arduradunek astelehenean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, udalekuen xede nagusia da umeei bizikidetzako gune ludikoa eskaintzea, beren autonomia pertsonala sendotu dezaten. Filosofia horrekin, 'Udalekuak' programaren edizio berriak bilatzen du oporraldiez gozatzea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, aisiadi hezitzailea sustatzea, eta ingurune naturalera hurbiltzen eta ingurumena errespetatzen laguntzea.
Halaber, aisialdi jardueretan euskara komunikazio hizkuntza gisa erabiltzea sustatzea, eremu bakoitzeko ohiturak eta kultura baliabideak ezagutaraztea, eguneroko bizikidetzan adiskidetasuna eta elkartasuna sustatzea, eta genero estereotipoak eta rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea dira beste xede batzuk.
Udalekuak hiru lurraldeetako 16 instalaziotan egingo dira. Zehazki, Gipuzkoako Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Abaraxka eta Bertizko instalazioetan; Bizkaikoak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurriketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga), Legasa (Bertiz, Arana) eta aurten gehitu den Gorozikan, eta Arabakoak Barria, Zuhatza eta Espejoko instalazioetan.
Kirol eta kultur jarduerak
Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, eta parte hartzaile bakoitzak erroldatuta dagoen lurraldean emango du izena.
Haurrek kirol eta kultur jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze tailerra, mitologiari buruzko gau jaiak, gynkanak, mendi ibilaldiak, eskalada, rapela, tirolina, arku tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio jolasak, mendiko bizikletako jaitsiera, arraunketa, piragua, pedaloia, wind surf, pilota, multiabentura, herri kirolak, baratzeko jarduerak, animaliekin jarduerak eta elikadurari buruzko lantegiak. Halaber, inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak antolatu dira.
Instalazio bakoitzaren jarduerak kontsulta daitezke kanpainaren liburuxkan eta aldundi bakoitzaren web orrian: http://gazteria.araba.eus, www.bizkaia.eus/udalekuak eta www.gipuzkoa.eus/udalekuak