Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak aurreratu duenez, Arabako Foru Aldundiak adimen desgaitasuna duten pertsonen zahartzeari buruzko ikerketa eta berrikuntza ekimenei heldu nahi die, pertsona horien bizi itxaropena eta kolektiboaren behar espezifikoak nabarmen handitu direlako. Azaldu duenez, ez dakigu benetan zer nolako dimentsioa duen fenomeno horrek gure lurraldean. “Talde handi” bati eragiten dio; izan ere, Araban, 2.000 pertsona inguruk adimen desgaitasuna dute, eta 1.658 pertsonak autismoaren espektroko nahasmendua, eta heltzeari loturiko nahasmenduak eta nahasmendu kognitiboak.
Gorka Urtaranek, Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran egindako agerraldian, biztanleria talde horren zahartzeari heltzearen garrantzia azpimarratu du. Gizarte fenomeno horrek “estigma bikoitza eragin dezake, adimen desgaitasunarena eta zahartzaroarena berarena, baina baita kalteberatasun bikoitza ere, desgaitasuna duten pertsonena eta aldi berean zahartzen ari diren haien familiena”.
Adimen desgaitasuna duten pertsonak desberdin zahartzen dira desgaitasun motaren eta larritasunaren arabera, baina baita beste osasun arazo kroniko batzuen arabera ere. Prozesu hori sarriago has daiteke bat-bateko narriadura azkarra agertzen denean gaztetan, bizi kalitatea okertuz eta autonomia funtzionala edo kognitiboa galduz. Foru diputatuak gogorarazi duenez, zenbait azterlanek diote adimen desgaitasuna dutenengan zahartze sintomak 40-45 urterekin ager daitezkeela.
Hortik dator Foru Aldundiaren kezka foru baliabideetan artatzen den 40 urteko edo hortik gorako adimen desgaitasuna duen biztanleria nola dagoen aztertzeko eta biztanleria horren zahartze goiztiarraren adierazle edo markatzaile batzuk aztertzeko.
Ikerketa zentroa, hauskortasunaren ebaluazioa, kalitate adierazleak eta arreta eredua
Helburu horrekin, Gizarte Politiken Sailak erreferentziatzat hartu du Dublingo Trinity College-n egindako ikerketa, nazioarteko punta-puntako beste zentro batzuen artean, desgaitasuna eta garapen nahasmenduak dituzten pertsonen zahartzeari buruzko etorkizuneko ikerketa zentroa diseinatzeko.
Gorka Urtaranek iragarri du, halaber, legegintzaldian zehar hauskortasunaren prebalentzia aztertuko dela adimen desgaitasuna eta garapenaren nahasmendu orokorrak dituzten pertsonengan, hain zuzen laguntzadun etxebizitzetan eta beste foru baliabide batzuetan bizi direnengan, eta denboran zehar ebaluatuko dela, zahartzearen markatzaile goiztiar posible gisa. Era berean, pertsonentzako baliabide horietan arretaren kalitatearen adierazle sistema bat ezartzea proposatzen da, adineko pertsonentzako Arabako egoitzetan dagoeneko jarri den bezala.
Legegintzaldi honetan, harremanetan oinarritutako arreta ereduaren (Gizarea) garapena osatuko da adimen desgaitasuna duten pertsonentzako foru zentro guztietan, adineko pertsonentzako egoitzetan egiten ari den bezala.
Gorka Urtaran foru diputatuak berretsi egin du Gizarte Politiken Sailak talde horrentzako baliabide espezifikoak gehitzearen alde egin duen apustua, hala nola Lakondoa eguneko eta egoitzako zentro berriak, Laudion abian jarriko dena edo autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako Zabalgana eguneko zentro inauguratu berria. Era berean, Arabarren eta Sanitas egoitzetan adimen desgaitasuna duten adinekoentzako berariazko moduluetan plaza publikoak gaitu izana nabarmendu du.