Datorren 2024ko maiatzaren 6an 100 urte beteko dira Néstor Basterretxea jaio zela. Euskal Herriko artistarik eragingarrienetakoa, polifazetikoena eta joan den mendeko 50eko hamarkadatik aurrera euskal artea berritzen gehien eragin zuenetako bat izan zen. Margolaritzan eta eskulturan, zineman, ilustrazioan, diseinuan eta euskal kulturaren sustapenean egindako lanaren zabaltasunak eta sakontasunak "irudi poliedrikoa eta berezko eskubidez estimagarria" bihurtzen dute, Peio Aguirre idazle eta komisarioaren esanetan.
Miren Vadillo Artearen Historian doktorearen hitzetan, "haren lanak eta bizitzak Euskal Herriarentzat arrasto handiko bizi eta arte ondarea osatu zuten, estetikaz haragoko eraginekin. Basterretxearen mendeurrena ospatzeko asmoz, hogei kultur erakunde eta entitate baino gehiagok hainbat ekimen sustatuko dituzte aurten eta datorren urtean, 2025ean, besteak beste, erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultura- eta argitalpen-jarduerak".
Basterretxearen mendeurreneko egitarauak, gainera, haren bizitzari eta obrari buruzko informazioa eta baliabideak bilduko dituen webgune bat izango du. Webgune horretatik, gainera, familiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo – Artium Museoari dohaintzan emandako artxibo baliotsuan sartu ahal izango da. Logotipoaren diseinua Maite Zabaletak egin du. Mendeurrenaren ospakizuna Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak koordinatu du, Gorka Basterretxearen laguntzarekin.
Konpromisoa
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak azpimarratu duenez Nestor Basterretxearen lana "ez da erabat ulertzen artearekin eta bere herriarekin zuen konpromisoari kontutan izan gabe. Nestor Basterretxeak bere herriarekiko konpromisoa hartu zuen artearen ikuspegitik, eta artea bere herriaren beharrei erantzuteko zerbitzu gisa ulertu zuen ".
Basterretxearen mendeurrenean erakusketa eta jarduera ugari antolatuko dira artistaren hainbat alderdi jorratzeko. Egitaraua otsailaren 28an hasiko da Bilboko Arte Ederren Museoan, Néstor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketaren inaugurazioarekin.
Peio Aguirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula izan dira erakusketaren komisarioak eta artistak 50eko hamarkadatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte esparru horietan egindako lanak ezagutaraztea da xedea. Apirilean, Irungo Menchu Gal aretoak Basterretxea Irunen (1957-1975) erakusketa aurkeztuko du, Fernando Golvanok komisariatua, Basterretxearen ekoizpen artistiko esperimentalenean oinarritua.
Bestalde, maiatzaren 10etik aurrera, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo - Artium Museoak Basterretxea artxiboan erakusketarekin artistaren ekoizpen zinematografikoan sakonduko du ikuspegi dokumental batetik.
Erakusketa, gainera, artistaren artxibo digitala aurkezteko esparrua izango da, familiak museoari egindako dohaintzaren ondoren. Era berean, artistaren Euskal serie kosmogoniko garrantzitsua Gasteizko Montehermoso Kulturunean egongo da ikusgai ekainaren 27tik aurrera.
Azaroan, Durangoko Arte eta Historia Museoak Néstor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea erakusketa eskainiko dio, eta Donostiako San Telmo Museoak, berriz, Bilduma baten loturak: Néstor Basterretxea eta San Telmo Museoa, Miren Vadillo komisario duela. 2025ean sartuta, Museum Cemento Rezolak Miren Vadillok komisariatutako erakusketa bat aurkeztuko du artistaren irudiaren inguruan.
Nestor Basterretxeak zinemaren munduan egin duen lana eta harekiko etengabeko harremana, bere ikus-entzunezko ekoizpena barne, luze eta zabal aztertuko dira Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine-Eskolak eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak antolatutako programetan. Gainera erakunde horiek ahaleginak batuko dituzte udazkenean Basterretxearen zeregin zinematografikoari buruzko lan monografiko bat argitaratzeko ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak sailaren barruan.
Iruñeko Punto de Vista Jaialdiak eta Jorge Oteiza Museoak elkarlanean prestatuko dute Nestor Basterretxea eta irudia ikus-entzunezko programa, martxoaren 16an museoan proiektatuko dena, eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak artistaren filmografia osoa proiektatuko du udazkenean garatuko den zinema ziklo batean.
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak 2024an zehar Haritz enblematiko bi mendeurren baterako:«Izaro» eta «Gernikako Arbolari omenaldia» izeneko jarduera-programa eskainiko du. Aipatzekoa da, halaber, Etxepare Institutuak Nestor Basterretxearen mendeurrenari lotutako ekimenak garatuko dituela udazkenean, Argentinako Amale Artetxe eta Ameriketako Estatu Batuetako Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao katedretan.
Udazkenean orobat, Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoak Makinari begira gu eta makinaren begitik gu izeneko sorkuntza lantegiak sustatuko ditu, eta Operación H (1963). Industria artea Basterretxearen begiradan proiekzio eta solasaldia. Era berean, Bermeo, Hondarribia eta Asparrenako udalek bat egingo dute Mendeurrenarekin, artistaren ibilbideari buruzko kultur aste batekin, jardueren agenda zabal batekin eta Néstor Lagun artean programarekin.
Basterretxearen Mendeurrenari eskainitako webgunea Mendeurrenaren lehen erakusketarekin batera jarriko da abian testu eta irudien bidezko ibilbide batekin. Besteak beste Peio Aguirrek eta Miren Vadillok idatzitako testuekin, familiak emandako irudiekin eta artxiboko materialekin, webguneak aukera emango du Basterretxearen sorkuntza-esparru batzuekiko eta besteekiko interes aniztasunaa eta izan duen eragina hurbiletik ezagutzeko. Era berean, Telmo Basterretxeak zuzendurik, artistaren irudiaren inguruko mendeurrenaren testuinguruan ekoizten ari den bideo sorta ere espazio horretan egongo da.
Azkenik, denbora-lerro batek artistaren biografiaren funtsezko mugarriak adieraziko ditu, eta mapa batek, berriz, haren obra publikoa geolokalizatzeko aukera emango du. Webguneak, gainera, artistaren familiak Artium Museoko Dokumentazio Zentroari dohaintzan emandako Néstor Basterretxea Artxibora sartzeko aukera emango du.