Bilbon, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2023 Agendaren idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteria Zuzendariak, prentsaurreko batean, Aurrera Begira – Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak izeneko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte; eta, bestalde, Biztanleriaren Jardueraren Araberako (BJA) Inkestak eman dituen 2023ko laugarren hiruhilekoko Euskadiko gazteen okupazio-tasari eta langabezia-tasari buruzko datuen berri ere eman dute.
Aurrera Begira gazteen egoerari eta euren pertzepzioari buruzko ikerketa bat da, eta 10 adierazleren inguruan antolatuta dago. Duela hamaika urtetik eramaten da aurrera, gazteek euren egoerari eta itxaropenei buruz egiten duten balorazioa ezagutzeko. 2023ko edizioa, abenduaren 11tik 15era, 15 urtetik 29 urtera arteko gazteei egin zitzaien online inkesta batean oinarritu da. Orotara, 6.737 pertsonak hartu zuten parte: horietatik 1.113 gazte Araban bizi dira; 3.224, Bizkaian; 2.054, Gipuzkoan; eta 334 Euskaditik kanpo.
Euskal Estatistika Institutuak (EUSTAT) hiru hilerik behin Biztanleen Jardueraren Araberako (BJA) Inkesta eramaten du aurrera, eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 urtetik 29 urtera arteko gazteei buruzko datu zehatzak eskaintzen dizkio. Aurrera Begira ikerketako datuak eta BJAkoak Behatokiaren web orrian argitaratuta daude.
Miren Saratxaga Gazteria zuzendariak Aurrera Begirako edizio honetako datu esanguratsuenetako batzuk aurkeztu ditu:
Bizi dugun unearen balorazioa, zehazki, 2023. urtekoa, 65 puntukoa da 100 punturekiko, eta 3 puntu igo da 2022. urtearekiko. Aurrerapausoa adierazle honen hiru adarretan atzeman da: egoera pertsonala; gazteria, oro har; eta Euskadi. Gazteenek (zehazki, 5etik 19ra artekoek) baloratzen dute ondoen gaur egungo egoera.
Asebetetze pertsonalaren indizea puntu bat igo da aurreko urtearekiko, 100 punturekiko 71era ailegatuta. Adierazle honek dituen hamaika esparruen artean, familia baloratu da ondoen (83 puntu); eta erabilgarri dagoen diruak jaso du emaitzarik apalena (60 puntu).
Lanari erreparatuta, modu nabarian jaitsi da urte bateko epean lana galtzeko edo enplegua prekarizatzeko beldurra, eta 6 puntu jaitsi da 2022. urtearekiko.
Lanik gabe dauden gazteen %72k 2024an lana aurkituko dutela uste dute; eta % 80k bere prestakuntzarekin lotutako enplegua aurkitu ahalko dutela uste dute; gai horri dagokionez, aurreko 11 edizioetako portzentajerik altuena lortu da.
Ezinbestean emigratu behar izango dutelako aurreikuspena puntu bat jaitsi da 2022. urtearekiko eta % 9an kokatu da. 2013an % 16koa izan zen.
Emantzipazioa zapuztuko delako usteak ere hoberantz egin du, eta 2023an % 43koa da. 2022ko datua hobetu da, hain justu ere, 2 puntu jaitsi da.
Nahiko luketen aitatasuna edo amatasuna atzeratu egin beharko dutelako portzentajeak bere horretan dirau, izan ere, iaz bezala, % 26koa da datua.
Azkenik, etorkizunarekiko konfiantza nabarmen hobetu da aurreko urtearen aldean, izan ere, 5 puntu igo da, eta 100 punturekiko 59 puntura ailegatu da. Kontuan hartzen diren hiru alderdietan egin du aurrera: egoera pertsonala; gazteria, oro har; eta Euskadi.
Jonan Fernandezek nabarmendu duenez, “Aurrera Begira ikerketako hamar adierazleetatik bederatzik joera aldaketa bat erakusten dute, eta aurreko datuak hobetzen dituzte. Hamargarrenak bere horretan dirau, ez du atzera egin. Iaz ez genuen horrelako daturik jaso, ezta azken urteetan ere, are gehiago, pandemia hasi zenetik horrelako emaitzak jasotzen diren lehenengo aldia da.”
Aurrera Begira ikerketan pertsonek eskaintzen dituzten pertzepzio hauei, 2023ko laugarren hiruhilekoko Biztanleriaren Jardueraren Araberako Inkestaren bitartez, EUSTATek emandako datuak gehitu zaizkie.