Eustaten datuen arabera, Euskal AEko lan-merkatuari buruzko 2023ko laugarren hiruhilekoko datuek islatzen dute aurreko hiruhilekoan baino 500 landun gehiago eta 5.800 langabe gutxiago daudela. 2023ko laugarren hiruhilekoan, langabeen kopurua 73.100era iritsi dela eta landunen kopurua, berriz, 976.400era iritsi dela zenbatetsi da. Euskal AEko langabezia-tasa % 7 izan da, hau da, 2023ko hirugarren hiruhilekoan baino bost hamarren txikiagoa. Horrelako langabezia-tasa bat ez da lortu euskal ekonomian 2008. urteaz geroztik.

Landunen eta langabeen kopuruaren bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56ra iritsi da 2023ko laugarren hiruhilekoan, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoa baino 0,3 portzentaje-puntu txikiagoa izan da.

Lurralde historikoei dagokienez, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Araban okupazioak gora egin du eta 2.000 langile gehiago daude. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 900 eta 600 landun gutxiago daude, hurrenez hurren. Hiriburuen kasuan, Bilbon 1.600 landun gehiago daude, Gasteizen 400 gehiago, eta Donostian, berriz, 1.500 gutxiago.

Okupazioaren igoerarik handiena emakumeen kasuan gertatu da (+900), eta gizonen kasuan, berriz, 300 landun gutxiago daude. Nazionalitatea kontuan hartuta, atzerriko nazionalitatea duten landunak 3.000 gehiago dira (+% 3,4), eta Espainiako nazionalitatea dutenak, berriz, 2.500 gutxiago (-% 0,3).

Euskal AEko landunen kopuruak gora egin du industrian (6.100 landun gehiago dira, hots, +% 3,1), eta behera gainerako sektoreetan: zerbitzuen sektorean 4.000 gutxiago dira (-% 0,6), eraikuntzan 1.100 gutxiago (-% 1,9), eta lehen sektorean 600 gutxiago (-% 7,2).

Okupazio-tasa (16-64 urteko landunek adin horietako pertsonen guztizkoan duten ehunekoa) 0,1 portzentaje-puntu igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 70,5era iritsi da. Tasa hori % 73,4ra iritsi da gizonen kasuan, eta % 67,5era emakumeen kasuan.

Nazionalitateari dagokionez, okupazio-tasarik handiena Espainiako nazionalitatea duten pertsonena da (% 71,8), eta 0,2 portzentaje-puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen kasuan, berriz, tasa 2,2 puntu igo da, eta % 59,8ra iritsi da.

Lurralde historikoei dagokienez, okupazio-tasarik handiena Gipuzkoakoa da (% 71,7), baina 0,5 portzentaje-puntuko jaitsiera izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Haren atzetik, Arabako tasa % 70,3ra iritsi da, eta portzentaje-puntu bateko igoera izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Azkenik, Bizkaiko okupazio-tasak 0,1 portzentaje-puntuko igoera izan du, eta % 69,8ra iritsi da.

Soldatako langileen kontratazio-modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonen kopuruak gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta 3.800 gehiago dira. Aurreko urtearekin alderatuta, berriz, 25.600 gehiago dira.