Euskadik eta Japoniak elkarrekin lantzen ari diren lankidetza estuak emaitza onak eman dituela baieztatu dute, eta hartu-emanak josten segitzearen alde azaldu dira batzuk eta besteak, horrela, elkarrekin proiektu berriak aurrera ateratzeko.

Takahiro Nakamae Japoniako enbaxadoreak Iñigo Urkullu Lehendakaria hartu du Madrileko bere egoitzan, eta bilera horretan, formalki Euskadi-Japonia 2023 programari amaiera eman eta ekimenaren balantzea egin dute. Iñigo Urkulluren ahotan, “Euskadi Basque Country kanpoan posizionatzeko Eusko Jaurlaritzak abiarazitako proiekturik anbiziotsuena” da honako hau.

Lehendakariak, lehenik eta behin, eskerrak eman ditu Japoniak Espainian duen enbaxadako kideek eskainitako laguntza eta elkarlanarengatik, bere aburuz, euren laguntzari esker “erronka zirraragarri” hau errealitate bihurtu da; era berean, proiektu honetan sartu diren euskal eragile publiko eta pribatu guztiei ere esker ona adierazi Lehendakariak, horietako batzuk Madrilen egin den ekitaldian bertan izan dira.

Iñigo Urkulluk gogorarazi du Euskadi-Japonia ekimena duela urte bat ipini zela abian, norabide biko harremanei bultzada kualitatiboa emateko, lankidetza eta proiektu berriei ateak irekitzeko eta Euskadi Basque Country Japonian sustatzeko, alegia, munduko hirugarren ekonomian eta industrian eta teknologian munduko estaturik aurreratuenetako batean.

Horretarako, batik bat, eremu instituzionaleko, ekonomiako, unibertsitateko, kulturako eta turismoko 50 ekintza biltzen zituen programa bat diseinatu zen, eta egitasmo horretako jarduera horiek guztiak aurreko urtean eraman ziren aurrera, bai Euskadin, bai Japonian.

Aurreikuspenen gainetik 

Urtea amaituta eta balantze orokor modura, Japoniako enbaxadoreak eta Lehendakariak elkar zoriondu dute, ekimen honek erdietsitako emaitza onengatik, eta aurreikuspen guztiak gainditu direla baieztatu dute.

Horrela, eremu instituzionalean, 2023an Mie-ko eta Fukushima-ko Prefekturen lankidetza berritu eta baieztatu da, eta aurrera begira aukera asko dago energia berriztagarrietan, 4.0 industrian, gastronomian eta erromes bideetan elkarrekin lan egiten jarraitzeko.

Horretaz gain, Lehendakariak urrian Japoniara egindako bidaian izandako bilerek elkarlana indartzeko balio izan zuten, bai Tokio Metropolitanoaren Gobernurekiko –iraunkortasunean oinarrituta–, bai Hiroshimarekiko –kasu honetan, maila akademikoan, batik bat, memoriari eta elkarbizitzari begira–.

Esparru industriala dela eta, bistan da merkataritza fluxua hobetzeko tarte handia dagoela oraindik. 2022. urtetik aurrera, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak bulego bat dauka Tokion, eta agentzia horrek lanerako aukerak atzeman ditu automozioan, energia berriztagarrietan, gailu medikuetan, makina-erremintan eta IKTetan.

Hori horrela, 2023. urteko enpresa agenda, batez ere, haize-energiari, hidrogenoari, automozioari eta gailu medikuei buruzko azoketan lan komertziala sustatzeaz, bilerak egiteaz eta parte-hartzea bideratzeaz arduratu da.

Guztira, euren sektorean liderrak diren enpresetako 56 ordezkari –esate baterako, Hitachi, Mitsui, Mitsubishi, Marubeni edo Sumitomo– eta Japoniako erakunde eta agentzietako hogei bat ordezkarik Euskadi bisitatu dute ekintza desberdinen bidez; 80 CEO eta Japoniako tokiko gobernuetako ordezkari Tokion izan zen Business Leaders Summit delakoan izan dira, euskal industriaren gaitasuna ezagutzera emateko. Era berean, euskal industriako enpresetako 330 ordezkarik Euskadin eta Japonian antolatutako B2B izeneko mintegi eta topaketetan parte hartu dute, eta enpresetako hogeita hamar ordezkari inguruk Japonia bisitatu zuten aurreko urrian, zuzen-zuzenean horretaz arduratzen zen ekimen baten babesean.

Gastronomiak leku esanguratsua bete du Euskadi-Japonia 2023 programaren agendaren barruan, eta hemengo eta hango sukaldaritzek jakin-mina pizten dutela baieztatu da. Hori horrela, Japonia, lehengo aldiz, Food for Future delakora gonbidatu zuten, parte-hartzea handia izan zelarik– 80 pertsona eta stand finko-, eta Donostiako Gastronomika-n Japoniako destilatuen dastaketa eta Euskadi-Japonia jantoki ofiziala izan ziren.