Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du aste honetan Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarekin, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuarekin, eta Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du Tourra Euskaditik igarotzeak balio izan duela euskal gizarteak azken 30 urteotan bizikidetza sozialari dagokionez izan duen bilakaera erakusteko. “Azken hamarkadetan gure erkidegoan atxikimendu sozial handiena izan duen ekitaldia izan da”, adierazi du.
Era berean, Bingen Zupiriak gogorarazi du Tourraren irteeraren iragarpena 2019an egin zela, pandemia betean, eta 3 urte geroago, “esan dezakegu Tourra ospakizun handia izan dela, ondoez hura gainditzeko aukera ematen diguna”
TOURREKO SEGURTASUNA
Bere aldetik, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Euskaditik igaro den Frantziako Tourrerako euskal erakundeek prestatu duten segurtasun-dispositiboak erabateko arrakasta izan duela jakinarazi du. Aurrekaririk ez zuen erronka zen Euskadiko Segurtasun Publikoaren ardura zuten eragile guztientzat, eta “esan dezakegu Euskadik ezin hobeto egin diola aurre erronka horri”. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren izenean zoriondu egin nahi izan ditu Erkorekak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten talde horietako bakoitza eta guztiak.
Zentzu honetan, aipamen berezia egin nahi izan dio Ertzaintzari, Tourraren Segurtasun Publikoaren Gida Plana prestatzeko, zuzentzeko eta gainerako poliziekin koordinatzeko ardura izan duen poliziari. “Ertzaintzako agenteek berriz ere egiaztatu dute polizia integral eta gaitu baten parte direla, aurrean duten segurtasun publikoaren arloko edozein erronkari aurre egiteko gai direla. Beti parte hartu izan dute herri honek bizi izan dituen une garrantzitsuetan. Konpromisoa, erantzukizuna eta ardura. Zerbitzu publikoa. Euskal gizarte osoa zainduz eta babestuz hau bezalako une historiko eta berezian. Eskerrik asko!”, adierazi du.
Herritarren erantzuna ere eskertu nahi izan du Segurtasun sailburuak. Alde batetik, “Tour Lagunen” lan altruista eta eskuzabala, garrantzitsua izan baita segurtasun-operatiboa osatzeko. Beste alde batetik, eskerrak eman diezkie herritar guztiei ere. “Eragozpenak eragin ditugu mugikortasunean. Gure kale eta errepideetan mozketak eta noranzko aldaketak izan dira. Baina herritarrek ulertu egin dute eta portaera eredugarria izan dute, agintarien ohar guztiak bete baitituzte”, gaineratu du.
Gogoraraziz egun hauetan batera izan direla Udako Irteera Operazioa, Itsasarteko Pasabide Operazioa eta Euskaditik igaro den Tourraren ondorioz mugikortasunean ezarritako murrizketak, Josu Erkoreka atseginez eman du jakitera istripu aipagarririk ez dela gertatu.