Emakume ikertzaileen aintzatespena erabakitzeko ardura duen ebaluazio-batzordeak aho batez erabaki du zein emakume ikertzailek jasoko duten aitortza hau 2023an, ematen den hiru mailetako bakoitzean. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eman die hiru zientzialariei Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aintzatespenaren berri.

Aintzatespen honen helburua da Euskadiko emakume ikertzaileak eta haien lana ikusaraztea, emakume ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen. Beraz, ez da sari bat, errekonozimendua eta ikusgarritasuna baizik. Horretarako, beren karrera zientifikoaren hiru etapa desberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dira: aurreratua, irmotua eta etorkizun handikoa.

 Aintzatespenen bosgarren edizio honetarako, Ikerbasquek ekoizpen zientifikoaren datuen azterketa bibliometrikoa egin du, eta Euskadiko emakume ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak adierazi ditu. Bestalde, Ikerbasqueko Patronatuko Batzorde Delegatuko kideek 22 emakume ikertzaileren azken hautaketa erabaki dute, lehen azaldutako 3 mailetan. Horrela, kategoria bakoitzeko emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmentzen da, edizio bakoitzean gora egiten duen bikaintasun-mailarekin, eta horrek Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handia islatzen du.

 Era berean, Ebaluazio Batzordeak adierazi du aintzatetsitako ikertzaileen profilen arteko oreka bilatu nahi duela edizioetan, bai beren ikerketa-karreraren etapa-mailan, bai beren ezagutza-arloan eta beren jarduera garatzen duten azpisistema zientifikoan. Ebaluazio-batzorde hori Ikerbasqueko Patronatuko ospe handiko hiru ikertzailek, Eusko Jaurlaritzako Ikerketako zuzendariak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisarioak osatzen dute.