Ongizate emozionala Euskadiko Lanbide Heziketan Covid eta nerabeen ongizate emozionala proiektuaren testuinguruaren barnean kokatzen da. Proiektu hau 2020 urtean jaio zen, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola (TILI) eta EASO politeknikoaren eskutik, Tknikaren sostengua edukita.
Hala, proiektu hori lehen saria lortu du Ongizate emozionala hezkuntza arloan sarien lehen edizioan, Estatu osoko ikastetxeek aurkeztutako 300 proiektu baino gehiagoren aurretik.
Eusko Jaurlaritzak aste honetan bertan azaldu zuenez, “Easo Politeknikoa LHIIk eta Inmakulada Ikastetxea 2021-2022 ikasturtetik aritu dira berrikuntza aplikatuko proiektu bat lantzen, Lanbide Heziketako ikasleen ongizate emozionala hobetzeko. Horretarako, ikasgelarako lan-materiala ere sortu dute, bai ikasleek beren emozioak ezagutu ditzaten, bai prebentziorako, erresilientziarako eta sentimenduak lantzeko”. Eta erantsi zuten: “Proiektuak hasieratik izan du helburu Lanbide Heziketako ikasgeletan ongizate emozionala lantzea, garatzea eta sustatzea. Ikasleak, irakasleekin batera, gaitasun sozial eta emozionala hobetzeko tresnak eta baliabideak garatzeko gai izan daitezen bilatzen du proiektuak, horrela, bizitzan zehar sortuko zaizkien zailtasun eta oztopoei aurre egin ahal izan diezaieten”.
Helburu hori jomugan hartuta, Lanbide Heziketako ikasleen egoera animikoa aztertu zuten, pandemiaren eragina eta honek gazteen artean izan duen bizipenarekin batera. Azterketa egin ondoren, ikasleei zuzendutako programa bat diseinatu zuten. Bertan ikasgelan lantzeko hezkuntza-materialak garatu zituzten, beren ongizate emozionalari “eusteko edo hobetzeko”, eta hainbat erronkari edo ezbeharrei aurre egiten laguntzeko materialak. Jarduera guztien artean, “ikasleei ongizate emozionaleko espazio lagunkoiak sortzeko lanari ere ekin zioten”, azpimarratu zuten.
2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan, ikastetxe horiek hamaika jarduera, tailer, mahai-inguru edo jardunaldi egin dituzte ikasleen ongizate emozionalarekin estuki lotutako gaiei buruz, hala nola, depresioa, antsietatearen prebentzioa, harreman toxikoak, trebetasun emozionalak nola garatu, online joko arduratsua, adikzioen prebentzioa (ludopatia barne), drogen kontsumoari buruzko tailerrak edo suizidioaren prebentzioari buruzkoak, besteak beste. Era berean, sortutako material guztia biltzen duen web-orri bat ere badu proiektuak, hezkuntza-komunitate guztiarentzako irekia dagoena.