2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria Javier Aizpurua Iriazabal fisikariarentzat da, sariketako epaimahaiaren erabakiz. Aizpurua irakaslea Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) ikertzailea da, Nanofotonika arloan. Zientzia eta Teknologia esparruan entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez onartu du Aizpurua fisikariaren aldeko ebazpena, 27. edizio honetan aurkeztutako hautagaien artean aukeratzeko goiza elkartuta eman ondoren.
Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan –hau da 2022ko deialdiaren kasua- Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia; urte bakoitietan aldiz, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.
Javier Aizpurua Iriazabal (Donostia, 1971) Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHU-CSIC) eta Ikerketa irakaslea da. Zentroa CSICek eta Euskal Herriko Unibertsitateak partekatutako ikerketako institutu mistoa da.
Aizpuruak argiaren eta nanoeskalako materiaren arteko elkarrekintza aztertzen du, nanoantena metalikoen erantzun optikoan eta efektu kuantikoetan arreta berezia jarriz. Aizpuruak eredu teoriko eta kalkulu berritzaileak sartu ditu, eta horiek azaleko plasmonen eszitazioa ulertzen lagundu dute nanofotonikan interesa duten espektroskopiako eta mikroskopiako hainbat teknikatan, hala nola, itzaltzeko espektroskopia optikoan, tunelizatze-ekortzeko mikroskopian (STM) edo transmisio elektronikoko ekortzeko mikroskopian (STEM), besteak beste. Egoera horietan guztietan erantzun optikoan izandako eragin kuantikoen azterketak gidatu du bere karrera zientifikoa, eta mundu osoko plasmonika kuantikoaren ikerketan aitzindari izatera eraman du, eremuan funtsezko ekarpenak eginez.