Naiara Goiak, Arantzazulab-en zuzendari nagusiak, Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, eta Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoak prentsa agerraldia egin dute Arantzazun, Demokraziari buruzko ulermenak gurean izeneko ikerketaren lehen emaitzak aurkezteko. Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrei egindako inkesta honen bidez, gure gizartean demokraziari buruz dauden iritzi, uste eta ulermen nagusiak ezagutu nahi izan dira.

Ikerketa hau Arantzazulab-ek sustatzen duen Ikerketa Elkargunearen baitan egin da. Elkargune hau 2021ean abiatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen arteko elkarlanerako espazio kolaboratibo gisa. Elkargunearen helburua da hiru unibertsitateetako disziplina ezberdinetako ikertzaileak elkarrekin ezagutza berria sortzen, hausnartzen eta ikertzen aritzea, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko elkarlanean jakintza berria sortzeko.

Ikerketa Elkargunearen hastapenean, eta 3 unibertsitateetako 50 ikertzailerekin egindako lan saio ezberdinetan hasierako bi ikerketa-ildo lehenetsi ziren abiatzeko, oinarri-oinarrizkoak direlako eta Arantzazulab-en egitekoarekin lotura zuzena dutelako: Lankidetzazko Gobernantzari buruzko oinarrizko ikerketa eta markoa eraikitzea; eta Demokrazia ulertzeko moduei buruzko oinarrizko ikerketa garatzea. Bigarren honi lotutako ikerketa proiektuaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte gaur.

Izan ere, Demokraziaren inguruko kezka handia da gaur egunean: demokraziaren krisia, atsekabe politikoa, herritarren egonezina eta desatxikimendua Mendebalde osoan pil-pilean dagoen gaia da. Ikerketa asko ari dira egiten mundu zabalean, eta baita gurean ere, demokraziaren kezka horri erantzuteko argia bilatu nahian. Horien osagarri, eta gurean orain arte gehiegi sakondu ez den galdera bati erantzun nahian abiatu zen ikerketa lerro hau: Nola ulertzen da demokrazia? Zein kontzepzio daude demokraziari buruz? Horretarako hiru lan eta metodo uztartu dira proiektu honetan: lan teorikoa egungo eztabaida nagusietan sakontzeko, teknika kualitatiboaren bidez demokraziaren sistemako eragile ezberdinen kontzepzioen bilaketa eta inkesta bidez, herritarrek duten demokraziaren ulermenaren gaineko ikerketa. Horrela, gurean demokraziari buruz dauden ulermenak eta iritziak ezagutu nahi izan dira, horiek mundu mailako eztabaida nagusiekin erlazionatu, eta aldi berean, ebidentzia eta datuetara ekarri herritarren kontzepzio demokratikoa. Oraindik martxan dagoen ikerketa proiektua da, eta gaur, zehazki, herritarrei egindako galdeketaren lehen emaitzak aurkeztu dira.