Euskarak bultzada eta indarra hartzen jarraitzen du Araban, eta orain arabar guztiek (eta lurralde guztietako euskaldunek) beste tresna bat izango dute hizkuntza hori bultzatzen jarraitzeko.

Hala, eta ildo horretatik, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) proiektua amaitu berri du Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak. Lana 2008. urtean abiatu zen, eta 15 urte behar izan dira bukatzeko. Tamaina aldetik aparta da, paperean argitaratuko balitz, kalkulatzen da 30 bat liburuki beharko liratekeela, 16.000 bat orrialde. Egungo Euskararen Hiztegian 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo aurki daitezke, UPV/EHUtik azaldu dutenez.

Gaur goizean, prentsaurrekoan aurkeztu den Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) da une honetan euskara-euskara hiztegirik zehatzena eta nahi duen orok UPV/EHUren webgunean kontsulta dezake. Erabilera errealean oinarritutako hiztegia da. Oinarri bezala Ereduzko Prosa Gaur corpusa hartu da, hori ere Euskara Institutuak garatua. Corpus horretako hitz guztiak jaso ditu Egungo Euskararen Hiztegiak, eta horrek eman dio duen tamaina.  

“Egungo Euskal Hiztegia paperean argitaratuko balitz, 16.000 orrialde baino gehiago izango lituzke. Horrek bere dimentsio fisikoa adierazten du, noski, baina batez ere bere asmo intelektuala ere. Proiektuaren beste ezaugarri garrantzitsu bat azpimarratu nahi dut: erabilgarritasuna, irekitasuna. Hiztegi honetan interesa duten lagun guztien eskura egongo da. Horrek Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasuna islatzen du: gure lan guztia, beti, euskal gizartearen eta gure kulturaren onerako zuzendua dagoela. Gure unibersitate publikoa ez dago bakarrik bide horretan baina, zalantzarik gabe, erakunde erabakigarrietako bat da euskal hizkuntza eta kultura zaindu eta garatzeko. Zeregin horretan Euskara Institutuaren lana funtsezkoa izan da eta izango da”, nabarmendu du Eva Ferreira errektoreak.