donostia - Pello Jauregi Pasaian jaio zen 1958. urtean eta EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako irakasle da gaur egun. Eusle metodologiarekin lanean aritu da Soziolinguistika Klusterrean urteetan zehar eta, horren bidez, Lasarte-Orian 2016. urtean egin zen Baietz 40 egun euskaraz herri erronkaren ikerketaren emaitzak landu zituen. Aurten, ordea, hizkuntza ohituretan eragiteko iaz plazaratu zen Euskaraldia ekimeneko ikerketaren zuzendaria izan da.

Euskaraldiaren emaitzen azterketa egin ondoren, zer sentsazio geratu zaizu lehenengo edizioarekiko?

-Ona. Lehenengo Euskaraldia da eta mezu berri batekin lehenengo proiektu bat egiten denean, kosta egiten da hori komunikatzea eta ondo ulertzea. Esango nuke hamarretik zortzi ondo ulertu dela. Adibidez, ahobiziek eta belarriprestek konpromisoa hartu behar zuten eta hamarretik zazpik edo zortzik ondo ulertu dute eta ondo egin dute. Oraindik hamarretik bik edo hiruk hobetu egin beharko lukete. Ahobizi batzuek, agian, oso erraz hartu dute txapa euskaldunak direlako, baina gero kosta egin zaie ariketa (Euskaraldia ariketa da) egitea.

Euskararen erabilera bost puntu hazi da, nahiz eta hasieran 20 puntukoa izan zen igoera hori. Berri ona al da?

-Bai, berri ona da eta espero izatekoa. Lan munduan azkeneko zor-tzi urteetan ikerketa asko egin dira eta haietan ere eboluzio hori ikusten da. Esku-hartzea egiten den unean aldaketa handi bat egoten da eta horregatik egon zen 20 puntuko igoera parte-hartzaileen jokaeran. Esku-hartzea amaitzen denean, ordea, erlaxamendua etortzen da; ez dago babesik, ezta kolektiborik ere eta norbera bere egunerokotasunera itzultzen da. Beraz, beti egoten da atzerakada bat, baina ez da dena galtzen: hasieran baino bost puntu gehiagorekin mantendu da euskararen erabilera. Hasieran asko astintzen da eta gero gauzak pausa-tzen direnean zerbait geratzen da.

Baina badira hobetu beharreko gauzak ere.

-Euskararen erabileraren kontua oso konplexua da, urteetan ez dugu aurrerapenik egin. Bi urtero %5eko igoerarekin aurrera egingo bagenu, aurrera begira egongo ginateke. Badugu zeregina eta baditugu horretarako tresnak.

Behin eta berriz nabarmendu da hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimena dela. Hamaika egun horietan eragin zuen, orain eragiten jarraitzen al du?

-%5 horrek esan nahi du batzuek egunerokotasunean sartu dutela Euskaraldian egindako aldaketa. Zenbaitek lagunekin gaztelaniaz hitz egiten zuten, baina Euskaraldian salto hori egin zuten eta haietako batzurekin euskaraz hitz egiten dute gaur egun. Hori dagoeneko finkatu da. Horrez gain, euskalgintzako agenteek eta instituzioek elkarlanean jarraitzen dute eta bigarren Euskaraldiaren prestaketak martxan daude. Nahiz eta orain ez egon lehenengo plano informatiboan, atzetik izugarrizko lana egiten ari dira eta hemendik gutxira berriz aterako da bigarren edizioa.

Nola baloratuko zenuke ikerketarako inkestetan parte hartu zutenen kopurua?

-Ez dago hitzik, ikaragarria. Ia-ia 220.000 lagunek parte hartzea lehenengo edizioa denean eta oraindik ezezaguna denean, ikaragarria da. Horrelako ekimen masibo gutxi ezagutzen dira. Kontuan hartu behar da ekimen honek ezaugarri batzuk zeuzkala. Jendeari eska-tzen zitzaion izena ematea, egunero txapa bat eramatea, konpromiso batzuk hartzea... ez zen kontzertu batera joatea bezalako ariketa. Ikaragarria izan da baita ere zenbat jendek hartu duen parte ikerketan bertan. Hiru galdetegi bete behar izan zituzten hasieran, bukaeran eta handik hiru hilabetera. Pentsa, lehenengo galdetegia ia 45.000 lagunek erantzun zuten, ikaragarria da. Ikerketa soziolinguistikoetan, normalean, lagina 1.500 pertsonakoa izaten da. Adibidez, guk telebistan ikusten ditugun inkesta gehienak onak dira 1.500 pertsonekin egiten dituztenean. Horietako asko, gainera, 500 edo 400 pertsonekin egiten dira. Txapen erabilera lagungarria izan al zen?

-Bai, oso lagungarria eta gakoetako bat. Horrek jende askori adorea, indarra eta babesa sentiarazi zion euskaraz lasaitasunarekin eta normaltasunarekin egiteko. Askotan, kalean zaudela, ez dakizu ezezagunek euskaraz dakiten edo ez, eta horren aurrean zuhurtziaz eta erosotasunez, badaezpada, gaztelaniaz egiten duzu. Kasu honetan, hainbeste jende ikustean errazagoa zen euskaraz egitea eta identifikazio horrek jendeari erraztasuna ematen zion bere hizkuntza jokaeran euskararen aldera egiteko.

Ahobizi euskaldun hartzaileek egin zuten aldaketarik handiena. Nola baloratuko zenuke hori?

-Oso datu interesgarria da. Gure artean jende asko dago tarteko euskara maila duena. Ulertu arren hitz egiteko zailtasunak dituena, euskaltegian dabilen jende asko edo ikastetxean euskara ikasi duen jende asko baina gero, urteetan zehar, erabili ez duena eta gaitasun mugatua daukana. Pertsona horiek gaitasun mugatua dute egunerokotasunean euskara oso gutxi erabiltzen dutelako eta oso gutxi hitz egiten zaielako eta entzuten dutelako euskaraz. Beraz, euskaldun hartzaile gehienen jokaera arrunta gaztelaniazkoa da. Testuinguru honetan, jendea txapa batekin ikusita animatu egin dira normalean egiten ez dutena egitera. Horiek ziren euskaratik urrutien zeudenak eta aldaketa nabarmenena egin dutenak.

Aldiz, euskaldun osoek erakutsi al dute konpromiso gutxien?

-Ez. Haietako askok Euskaraldia hasterako asko erabiltzen zuten euskara. Aldaketa egin dute, baina aldatzeko zeukaten tartea txikiagoa zen. Horregatik ikusi da aldaketa txikiagoa, baina hasiera oso altua zelako. Euskaldun hartzaileak, aldiz, euskararen oso erabilera baxutik hasten zirenez, egin duten aldaketa asko ikusten da.

Belarriprestentzat zailagoa izan al da eginbeharrak behar bezala betetzea?

-Belarriprestek ez zuten euskaraz hitz egiteko konpromisorik, baina kutsatu egin dira eta modu naturalean atera zaie euskaraz egitea beste pertsonek euskaraz egiten zietenean. Modu naturalean egin dute euskararen aldera eta horregatik ikusten da asko egin dutela aurrera. Baina, baita ere, belarriprestei euskaraz jakin arren gaztelaniaz aritzen ziren solaskideei modu aktiboan euskaraz aritzeko gonbidapena egiteko eskatzen zitzaien. Jokaera hori, euskaraz dakienari mesedez euskaraz egiteko eskatzea, asko kostatu zaie belarriprestei. Kulturala da, heziketa kontua... batzuetan, ez badaukazu euskaraz egiteko erraztasunik, ez dakit lotsarengatik den, baina ez da erosoa euskaraz egitea gaztelaniaz hobeto egiten duzulako. Erosotasuna oso presente dago eta euskaraz egitean ez bazaude guztiz eroso, agian lotsa pixka bat ere emango dizu. Horregatik, Euskaraldiak babes giro bat ekarri du horrelako erosotasun bat astintzeko, lotsak alde batera uzteko eta, batez ere, oso jarrera ona izateko eta laguntza jasotzeko.

Emaitzen arabera, komunikazio elebiduna luze mantentzea zaila izan da.

-Horretan aurrerapausoak eman dira. Datuetan ikusten da bi hizkun-tzetako elkarrizketa horiek aurrera egin dutela jendearen jokaeran. Hasieran oso gutxi erabiltzen zen estrategia hori, baina Euskaraldiak aukera berri gisa ekarri du bi hizkuntzetan aritzea eta batzuek barneratu dute eta erabili, ere bai. Ez genuke esango estrategia hori, modu masiboan, denek erabili dutela; baina kopuru esanguratsu bat ohartu da estrategia interesgarria dela eta, beraz, hurrengo edizioei begira hor badago zer hobetu. Baina ikusten da lehen edizioan bertan koska nabarmen bat aurreratu duela. Gure posibilitateen artean sartu da eta kulturalki, orain arte, hori guretzat pentsaezina zen. Orain, aldiz, tokia hartu du.

Toki zabalagoa hartu ez duen heinean, euskararen kalterako izan al da?

-Nolabait esatearren, Euskaraldiaren aurretik bi hizkuntzetan hasten ziren solasaldien hamarretik bederatzi gaztelaniara igarotzen ziren. Oraingo honetan, hamarretik zazpi izango lirateke gaztelaniara pasa-tzen direnak baina hiru euskaraz mantentzen dira. Lehen bat, orain hiru.

Adinari erreparatuz, 35-49 urte arteko pertsonak izan dira nagusi. EAEn gazte gehienek D ereduan ikasten dutela jakinda, ez al da harrigarria horien parte hartzea %14koa izatea?

-Batetik, Euskaraldiak, nahita, asko zabaldu die mezua helduei. Helduak dira gizartearen sektore aktiboa, benetan heldua zer den markatzen dutenak. Euskaraldiak haiek gazteentzat eta haurrentzat eredu izatea nahi izan du. Alde batetik ulergarria da, izan ere, Euskaraldian parte hartzeko baldintzetako bat 16 urtetik gorakoa izatea zen. Bestetik, gazteek poliki-poliki euren motibazio propioa beharko dute honi heltzeko eta hori ediziotik ediziora etorriko da. Ez dute pentsatu behar hau zaharren kontua dela, baizik eta beraiena ere badela. Nolabait, gazteek tuneatu egin beharko dute euren moduan egiteko.

Atera diren emaitzak zuek esperotakoak al dira?

-Aldez aurretik bageneuzkan erreferentziak lan munduan. Zortzi urtetan aritu gara Soziolinguistika Klusterrean Eusle metodologia aplika-tzen, antza handia duena belarriprest eta ahobizi metodologiarekin. Hor ikusten genuen zeintzuk ziren datuak eta joerak. Lasarte-Orian ere egin zen esperientzia bat aurrekari gisa, eta ikerketa egin ondoren ikusi genituen emaitzak. Erreferentzia horiek hartuta espero genituen datuak dira, gu ez gara harritu Euskaraldian jendeak bete-tze maila altua izateaz, hizkuntza ohiturak aldatzeaz eta ondoren zerbait finkatuta geratzeaz.

Lasarte-Orian herri mailan egin zen ariketa eta orain Euskal Herri mailan. Desberdintasunak egon al dira emaitzetan?

-Bai. Nahiz eta joera berdina izan, kopuruak gehiago edo gutxiago dira. Lasarte-Orian herri mailan egin genuen baina esku-hartzea 40 egunekoa izan zen. Euskaraldia hamaika egun izan dira, beraz, esku-hartzea ez da berdina. Hizkuntza ohiturek astindu egin behar dute baina ondoren, errepikapena eman behar zaie benetan finkatzeko. Zentzu horretan esperientziak ez dira berdinak, baina bietan ikusten da joera bera. Interesgarriena da metodologia honek aukerak ematen dituela aurrera egiteko eta bi kasuetan euskarak aurrera egin du. Hizkuntza ohiturak alda-tzeak babes kolektibo bat eskatzen du, aldaketa hori bakarrik egitea oso zaila da. Baldintza eta giro kolektibo bat behar da eta giro horretan dauden posibilitate guztiak hobetu egin behar dira. Batzuek euskaraz egingo dute eta eutsi egingo diote, beste batzuk prest daude eta gaitasuna dute, zenbaitek hitz egiten jakingo du, besteek, aldiz, ulertzen... baldin-tza horiek guztiak hobetu egin behar dira, baina modu kolektiboan.

Datorren Euskaldirako jende gehiagoren parte hartzea espero al duzue?

-Nik esango nuke belarriprest figura gehiago zabaltzea dela erronka. Lehenengo edizioan parte hartu dutenen gehiengoak ahobizi konpromisoarekin hartu dute parte eta gure ustez hori belarriprest figurarekin handitu beharko litzateke. Belarriprest figurak asko zabaldu beharko luke, gure gizarteko sektore asko eroso egoteko konpromiso horrekin.

Emaitza hauek kontuan hartuta prestatuko da bigarren Euskaraldia.

-Batetik, datuek oinarri sendoa ematen diote orain arte egindakoari eta, beraz, ongi goaz zentzu horretan. Bigarren edizioan lehenengo edizioaren diseinuko ezaugarri funtsezkoenak mantenduko dira funtzionatu egin dutelako. Baina horri alderdi kolektiboa gehituko zaio Ariguneen bidez eta hori, batez ere, entitatetan, erakundeetan edo enpresatan aplikatuko da. Orain egin dugunak ongi funtzionatu duela ikusita, oinarri hori hartuko dugu eta horren gainean pausu kolektiboago bat eraikiko dugu, entitateak kontuan hartzen dituena hain zuzen ere.