inoiz galdetu al diozu zeure buruari non jolasten zinen ikastetxeko patioan? Galdera inozoa dirudi, baina ez da batere. Izan ere, bitxia da pentsatzea hain anekdotikoa den zerbaitek eragin handia izan dezakeela haurrek beren buruaz dituzten pertzepzioen eraketan. Ez da garrantzirik gabeko kontua, pentsatzen badugu ikasleek urtean 525 ordu pasatzen dituztela jolastokian. Beraz, atzera begiratuz gero, konturatuko zara, neska izanez gero, ziurrenik patioko izkinaren batean egongo zinela hizketan edo jolasean, eta mutikoa izanez gero, seguruena espazioan zehar futbolean arituko zinela. Bi ikertzailek eta hirigilek hori berretsi dute ikerketa batean, ikastetxeko jolastokian haurren portaera bi urtez aztertu eta gero. Horretarako, haien mugimenduak arakatu dituzte urtebetez. Ikerlanaren arabera, mutilak alde guztietatik korrika ibiltzen dira, patioaren erdialdean; neskak, berriz, korridore batean konprimatuta geratzen dira, patioaren kanpoaldean. Orduan, neure buruari galdetzen diot: nola eratzen dira pertsona baten garuna eta izaera, baldin eta espazio periferikoak soilik har baditzake haurtzaro osoko jolas-orduan? Argi dago ez dela gauza bera erdigunean egotea edo periferiatik abiatzea.