Euskal rockean talde aitzindaria izan zen Errobi. Euskal tradizioan berezkoak ziren folk doinuak rock progresibo eta psikodeliarekin nahastu zituzten; batez ere, atzerritik zetozen soinuek eraginda. Halaber, beraien letrek garai hartan Euskal Herrian zegoen arazo kultural eta politikoa azaltzen zuten. Urteetan hainbat aldiz omendu izan dituzte, alta, taldea sortu zutela mende erdi igaro dela ospatzeko, Anje Duhalde (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) eta Mixel Ducau (Baiona, 1951) protagonistek erabaki dute kontzertu berezia beraiek eskaintzea. Maiatzaren 4an Bilboko Euskaldunan jarri dute hitzordua.

Sortu zenetik 50 urte igaro direla ospatzeko kontzertua iragarri du Errobik. Ezin izan diozue muzin egin zuek ere azkenaldian musika taldeek itzultzeko duten modari?

ANJE DUHALDE: Ez dakit modagatik den, ez dut uste arlo horretan sartzen garenik. Joan den urtean proiektu bat atera zen Errobiri omenaldi bat egiteko eta gehienbat bertatik abiatu zen ideia. Musikari batzuek bere kaxa egin zuten omenaldi hura baina gu ere batu ginen. Aspaldian Mixel eta biok elkarrekin egon gabeak ginen eta une hartan pentsatu genuen zerbait egitekotan besteek egin baino nahiago genuela guk egin. Urteetan zehar proposamenak izan ditugu eta beti ezezkoa zen, baina orain 50. urtemugan unea zela erabaki genuen, eta berriz ere, martxan jarri gara.

Azkar esaten da “50 urte”.

A.D: Nahiago dut mende erdi igaro dela esan, serioagoa ematen du.

MIXEL DUCAU: Serioegia, agian? 

Zer daukazue publikoari eskaintzeko?

M. D: Betiko kantuak, orain klasikoak direnak. Merezi du errepertorio hori gaur egun kantatu eta aurkeztea. Behar bada publiko berri bat dugulako.

A.D: Duela 50 urteko kantu berberak, baina, agian, gaurkotuagoak. Soinu aldaketa batekin. Hala ere, gaiak eta letrak berdinak dira, ez dira aldatu. Bost hamarkadaren ostean gaiek egunerokotasuna mantentzen dute.

Ez da denbora pasa, hortaz.

A.D: Hori aldatu ahal izango banu, benetan pozik aldatuko nuke. Zenbait gai nola dauden ikusirik, aurrerapen batzuk izan dira dudarik gabe, baina orokorrean testuak bere horretan gelditu dira. Sakonean ez dut uste hainbeste aurreratu direnik.

Zein soinu du Errobik?

M.D: 1970. hamarkadako soinua, rock erradikalaren aurretikoa. Garai hartan amerikar folk rock asko entzun genuen, baita ingelesa ere.

A.D: Errobi sortu genuenean gure helburua musika tradizionala eta garai hartako musika uztartzea zen. Kantu tradizionalei kasu eginez eta musikalki jantziz. Etiketarik gabe, sentitzen genuena egiten genuen.

Erreferenterik bazenuten?

A.D: Nahitaez. Etxetik hasita, nik euskal musika asko entzuten nuen. Ez Dok Amairu taldea bera adibidez. Geroago, gazteak ginela, Elvis Presley edota Beatles entzunez haziak izan gara. Guzti horrek eraikitzen zuen gure nortasuna.

M.D: Naturalki jotzen genuen gure ondarera eta nazioarte mailako gure garaiko folk eta rock estiloak entzutera. Hala ere, gure musikan garrantzia kantuek, letrek, zuten. Kantatu daitezkeen abestiak dira.

Euskal Herriko rockaren aitzindari, euskaraz aritu zen lehen taldea izan zen Errobi. Zer suposatu zuen euskal musikagintzan?

M.D: Garai hartan guretzat nahiko naturala zen egiten genuena, baina beste askorentzat, adibidez, ez zen onargarria. Asko kexu, haserre, azaltzen ziren gurekin. Gure adinkideek, gazteek, aitzitik segidan onartu zuten. Gure momentua zen, beharrezkoa zen Errobi.

Garai haietan zein zen egoera Euskal Herrian?

A.D: Garai polemikoa zen, ez zegoen inolako azpiegiturarik. Genituen baldintzekin ahal genuena egiten genuen, dena hastapenetik hasi behar izan genuen. Ez zegoen ia deus garai hartan musikaren teknikari dagokionez, grabatzeko estudiorik ere ez. Gure lehen diskoa, adibidez, ahal genuen moduan grabatu genuen; abentura bakarra izan zen.

M.D: Zenbait balentria izan genituen. Autoritateekin, poliziarekin, jazarpena pairatu genuen...

A.D: Kontzertuak mitin politiko bilakatu ziren, edo alderantziz. 1970.hamarkada bukaeratik aurrera gauzak argiago ikusten ziren eta Errobik orduan eman ahal izan zuen bere neurriaren agerpen bat. Orduan hasi ziren kontzertuak deitu ahal ziren ekitaldiak.

Hautu naturala izan zen, era berean, euskaraz abestearena.

A.D: Dudarik gabe, hastapenetik. Eskaintza batzuk izan genituen, ekoiztetxeren batetik eskatu ziguten diskoren bat euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan, gazteleraz eta ingelesez, egiteko baina guk argi genuen gure hautua eta hori ez da sekula aldatu.

Nola oroitzen dituzue Errobi taldea sortu zeneko hasierak?

A.D: Lizeoan nintzenean ezagutu nuen Mixel, ordurako musikari ezaguna zen gure inguruan, nerabeon artean. Behin Baionako denda batean elkartu ginen, hizketan hasi eta proposatu nion taldea sortzea. Testuak musikatzen hasi ginen, ez zen asmo berezirik.

M.D: Bikote bezala hasi ginen gitarra akustikoarekin, eta lehen diskoa grabatzeko momentuan bateria eta gitarra elektrikoa gehitu genizkion rock formatua emateko.

Zein zen zuen helburua?

A.D: Kantuetako hitzek adierazten duten bezala aldarrikapen bat zen, euskara, herria eta beste hainbat gai ziren gure lehentasun.

Nazioartean oihartzun zabala izatera iritsi zineten baina bukatzea erabaki zenuten. Hala behar zuen?

A.D: Talde guztietan izaten da haste bat eta banatze bat. Musikalki zein filosofikoki ikuspuntu ezberdinak genituen eta halako eztabaidekin nahitaez segitzea kaltegarria zen, horregatik hobe zen uztea.

M.D: Gorabeherak normalak izaten dira talde guztietan. Gazte garaietan lauzpabost urte elkarrekin igaro ondoren azaltzen dira arazoak eta momentu bat iristen da aski dena, beste zerbait hasteko gogoa izaten da.

A.D: Gerora ondo etorri zaigu, bakoitzak bere bidea egin du eta orain denbora askoren ostean zahar etxe batean sartu baino, berriz ere elkarrekin oholtza gainera ateratzea erabaki dugu.

Noizbait damutu izan zarete harturiko erabaki hartaz?

M.D: Ez, inoiz ez. Bizitzako kontuak dira. Egia da orain distantziatik ikusita artistikoki zikloa bukatua zegoela, rock erradikala zetorren ostean eta Errobik bere momentua pasa zuen. Eboluzio normala izan zen eta, zorionez, gazte eta sendo segitzen dugu eta 50.urteurrena zuzenean ospatu dezakegu.

Errobirekin bizitako zein une gogoangarri datorkizue burura?

A.D: Asko, zaila da aukeratzen. Anekdota bezala, adibidez, talde bezala egin genuen lehen ateraldia. Donibane Garaziko zinema batean izan zen, 300 pertsona inguru zeuden. Gure aurretik kantari batzuk aritu ziren eta gu hasi eta bigarren kantuan aretoaren erdia joan egin zen. Gazteak gelditu ziren eta ohartu ginen egoera zein zen.

Berrogeita hamar urte igaro dira Baionako denda hartan topo egin eta proiektua abiatu zenutenetik. Egun, zer gelditzen da Errobi hartaz?

A.D: Mutiko haiek zahartu egin dira eta garai haiekin alderatuta bizia beste modu batera ikusten dute. Hala ere, azken egunotan kon-tzerturako entseguetan konturatu gara garai hartako automatismoak eta ohiturak oraindik ere gordeta eta bizirik daudela.

Urteurreneko kontzertu bereziari begira kantutegian moldaketak egin dituzue. Estiloak aldatu dira?

M.D: Gure musika estiloa ez da hainbeste aldatu baina urte hauetan jasotako esperientzia baliatuta kontzerturako kantu guztiak berriz entzun eta egokitu nahi izan ditut. Soinua bereziki asko aldatu da; duela 50 urte ez genuelako gaur egungo baliabide teknikorik. Hortaz, funtsean, kantuak berdinak izango dira baina egungo soinuekin.  

Mixel Ducau eta Anje Duhalde 1976. urteko argazki batean.

Zuek biok osatzen duzue Errobi baina Maiatzaren 4an Euskaldunan ez zarete bakarrik egongo. Nork beteko du oholtza?

M.D: Anje eta nirekin batera hiru musikari on eta gazte izango dira. Haiek beraien nortasun eta indarra ekarriko dute. Txomin Duhalde arituko da baterian, Iñigo Telletxea baxuarekin eta Remis Gachis gitarra elektrikoarekin.

A.D: Gaztetasuna ere ekarriko dute, kontrastea egiteko. Azken urteotan nirekin dabiltzan musikariak dira.

Aurreratu daiteke publikoak zer ikusiko duen oholtzan?

M.D: Gure errepertorio osoa, orokorrean elektrikoa hasieran eta bukaeran, baina erdian izango da zati akustiko bat , gitarra batekin eta gure bi ahotskin, hasi ginen bezalaxe. Polita izango dela uste dugu. Alboka ere entzun ahalko da.

Nolakoa izan da hainbat urteren ostean berriz elkarrekin entseatzea?

M.D: Astero pare bat aldiz elkartzen gara Anje eta biok kantuak errepasatzeko eta kontzertuaren aurretik musikariekin ere egingo ditugu entsegu orokorrak. Astebeteko egonaldia egitea ere aurreikusten dugu dena ondo prestatzeko.

Kontzertu bakarra antolatu duzue momentuz. Agortuz gero, zer?

A.D: Gure kezka ez da hori, oholtza gainean eskainiko dugun lanak arduratzen gaitu gu, gainontzekoa beste batzuen ardurapean dago. Hala ere, aretoa betez gero, hobe noski.

Nola nahi zenukete publikoak Errobi gogoratzea?

M.D: Talde on bat bezala. Errobi taldeak bere garrantzia izan du euskal musikaren historian, lekukotasun anitz daude eta hori berpiztea espero dugu. Bada nahikoa ekarpen. Nostalgia pixka bat ziur izango dela baina espero dugu belaunaldi berriak ere etorriko direla.

A.D: Publikoak erantzun beharreko galdera da hori. Protagonistak garen heinean, estetika aldetik zein irudi eskainiko dugun badakigu baina horrek izango duen onarpena eta ondorioak ezin ditugu jakin, eta hobe horrela izan dadila. Kontzertuetara etorri beharra dago hori jakin eta sentitzeko.