DONOSTIA. Akordioari esker, euskarazko Wikipediaren sustapenean murgilduta dauden lagunek proiektu zehatz bat garatuko dute, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarriak izan daitezkeen 1.000 artikulu baino gehiago sustatzera bideratuta. Prozedura zehatz eta landu bati jarraiki garatuko da proiektua, "auzolan erraldoi bat" sustatuz unibertsitateekin, kultur eragileekin eta Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleekin batera.

Bingen Zupiria Eusko jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kideak eman dute akordioaren berri. Jaurlaritzak urtero 200.000 euro inbertituko ditu hiru urtez luzatuko den proiektuan (guztira 600.000 euro), "egitasmo estrategikoa baita euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko konpromisoa betetzeko".

"Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" da Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak gidatuko duen proiektuaren izenburua, kalitatea baita proiektuaren bereizgarri garrantzitsuena. Egitasmoaren jatorrian "Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda" eta antzeko nazioarteko ekimenak daude, baina moldatu egin da adin tarte zehatz batean ikasten diren gaiak txertatzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hala eskatuta, adin talde zehatz batek izan ditzakeen beharretara bideratu da proiektua. Izan ere, Euskararen Aholku Batzordeko IKTen inguruko batzorde atalak euskarazko Wikipedia indartzeko premia ikusi zuen.

Ekimena abian jartzeko Euskal Wikilarien elkarteak eman zuen lehen pausoa curriculum dekretua kontuan hartzea izan zen, derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan jakin beharrekoak definitzen baititu. Ondoren, Berritzegune Nagusiarekin dokumentu mardul horren barruan azaltzen diren kontzeptuak identifikatu eta iragazi ziren, eta hortik atera ziren ikasleen beharretarako funtsezkotzat hartzen diren artikulu horiek.

Helburua 1.000 artikulu inguru ateratzea zen, baina atal bakoitzean ikasten dena ikusita 1.600 atera dira lehenengo zerrendan. Prozesuan zehar gai gehiago sar daitezke zerrenda horretan eta, itxura guztien arabera, 1.000 artikulu egiteko lehen xede hori gaindituko da.

"Euskarazko Wikipedia osoaren %0,5 baino ez dira artikulu horiek, baina bisita guztien %7,3 dira gurean. Gainera, gaikako joeren grafikoek argi erakusten digute gai batzuen eta ikasleen eskola egunen arteko lotura. Hortaz, aukeraketa egokia iruditzen zaigu. Kasu batzuetan, egun dauden artikuluak hobetuko dira, eta beste batzuk, berriz, berriak izango dira", adierazi du Gonzalezek.

Hautatutako gai horiek 15 esparru ezberdinetakoak dira: Matematikak (100 artikulu); Geografia eta Historia (300); Hizkuntzak (50); Ekonomia Ekintzailea (100); Plastika eta Ikus-entzunezkoak (150); Biologia eta Geologia (200); Kultura Zientifikoa (50); zeharlerroa: Emakumea eta Generoa (70); Kultura Klasikoa (100); Musika, Dantza eta Antzerkia (150); Fisika eta Kimika (150); IKTak (40); Literatura (50); Filosofia (50), eta Gorputz hezkuntza (50).

AUZOLANA

Proiektua gauzatu ahal izateko Wikipediaren ezaugarririk berezkoenaren aldeko apustua egingo da, hau da, auzolanaren aldeko apustua. "Auzolan erraldoia egingo dugu hurrengo hiru urteotan, batez ere unibertsitateetan zentratuta, baina hezkuntza eta jakintza institituzio ezberdinak ere proiektuan sartuz", adierazi du Gonzalezek.

Auzolan eredua beste herrialde batzuetan erabilitako berbera da, bereziki AEBetan eta Kanadan. Unibertsitateetako ikasleek euren irakasgaiaren barruan aurkeztu beharreko lanak baliatuko dituzte euskarazko Wikipedia elikatzeko. Irakasleek lan horiek ikasgaiaren barruan ebaluatuko dituzte eta, horrekin batera, zuzenketak egingo dituzte. Azken emaitza izango da Wikipediara igoko dena eta, ondorioz, artikuluaren kalitatea bermatuta egongo da.

Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasle eta irakasleekin eredu bera jarraituko da.

Prozesuak aurrera egin ahala, wikilariek artikuluen hobekuntza teknikoak egingo dituzte, eta ikasle zein irakasleei laguntza espezializatua emango diete. Irakasle eskoletako zein Pedagogia fakultateetako irakasle zein ikasleek artikulu horien didaktikari erreparatuko diote, 12-16 urteko ikasleentzat baliagarri izateko. Museoek eta kultura eragileek ere parte hartuko dute proiektuan, nahi izanez gero, kalitatea hobetzeko.

Azkenik, hiritarrek ere parte har dezakete proiektuan, eta informazio guztia eskuragarri izango dute https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza webgunean edota https://wikimedia.eus blogaren bitartez. Eskoletako kideek proiektuan parte hartzeko interesa izanez gero hezkuntza@wikimedia.eus posta elektronikora idatzi ahal izango dute.

EUSKARA, MUNDUKO 31.A

Wikipediak milioika artikulu ditu munduko 300 hizkuntzatan. Euskarazko Wikipediak wikilarien komunitate sendo eta zorrotz bat du atzean, eta, horiei esker, 284.000 artikulu baino gehiago daude plazaratuta. Artikulu kopuruaren arabera munduko 31. hizkuntza izan arren, euskarazko Wikipediak badauka zer hobetu.

Egunero 70.000 artikulu irakurtzen dira euskaraz Wikipedian, eta ikasleak dira artikulu gehien irakurtzen dituztenak. Funtsezko tresna bilakatu da ikasleentzat, beraz, eta horrek ardura handia eskatzen du. Aurkezturiko proiektua baliagarria izango da euskarazko Wikipediak aurrerapauso sendo bat emateko kalitatearen ikuspegitik.

"Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. Orain dela 16 urte sortua, munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Euskarak ere badu bere lekua hauen artean, ez nolanahikoa gainera: artikulu kopuruari dagokienez, munduko 31. hizkuntza da. Beste hainbat lekutan bezala, ikasleak dira hauen irakurlerik fidelenak eta ezinbesteko tresna bilakatu zaie. Gaur aurkezten dugun proiektuaren bitartez, euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzen lagundu nahi dugu, baita ikasleentzako tresna bezala duen eraginkortasuna ondu ere", azaldu du Zupiriak.