DONOSTIA. Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko izenpetu duten hitzarmenak finkatutako proiektua da, eta ETB-2n emango da igandero, maiatzaren 1etik aurrera, 22.30ean.
Filmak Mediak ekoitzi eta Fermin Aiok zuzendutako "Oinatz Galduak" dokumental sailak bost ataletan azken bost hamarkadetan jazotakoa biltzen du. Atal bakoitzeko kontakizunak, bakoitza ordu betekoa, dozena bat protagonistaren lekukotasunak ditu oinarri. 50 kontakizun berezi dira guztira eta horiek izango ditu Amaia Cayerok euskarri historia hurbilaren ibilbidea egiteko.
Jonan Fernandezek esan duenez, memoria arloko politika publikoaren helburua herritarren artean partaidetza eta elkarrizketa prozesua sustatzea da, orainetik iraganari berriz ere esanahi bat eman ahal izateko. Zentzu honetan, dokumental sail hau "tresna baliagarria" izan daitekela uste du Fernandezek eztabaidatutako eta partekatutako memoria hori eraikitze aldera.
Bestalde, Maite Iturbek ekintza hauen guztien eta EiTBren eguneroko jardunaren asmoa helburu jakin batzuk dituela azpimarratu du. "Batetik, gure hedabideetan, indarkeriaren aurka kontzientzia sozial kritikoa indartzea da, eta bestetik, giza eskubideekin ez ezik bizikidetza demokratikoaren balioekin ere konprometitua dagoen kontzientzia sozial kritikoa sendotzea", adierazi du.
Esan bezala, atal bakoitzak hamarkada bakoitzean gertatutakoa laburbiltzen du: 1960ko hamarkadan hasi, eta borroka armatuaren amaierari buruz ETAk egindako adierazpenarekin bukatuz. Dokumental sailean Juan Pablo Fusi historialaria, Mari Carmen Garmedia Kultura sailburu ohia eta irakaslea eta Mariano Ferrer kazetaria aritu dira aholkulari.
Lehen atala, 1960ko hamarkadari buruzkoa, Francoren diktadurako errepresio gogorraren garaian girotuta dago. Ordukoa da, halaber, ETAren jaiotza eta Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen atzerriko Eusko Jaurlaritza. Une hartako zenbait protagonistaren hitzak, ETAko lehen biktimen senideenak eta Francoren indarkeria jasan zutenena bilduko dituzte. Atala modu berezian itxiko da, ETAren sorrera bi ikuspegi ezberdinetatik bizi izan zuten bi lagunen topaketarekin.
1970eko hamarkadari buruzko atala, frankismoaren azken zartadek eta demokraziaren lehen urratsek osatzen dute, ETAren eta talde parapolizialen giza eskubideen urratzeak zipriztinduta. 1980ko hamarkadan, berriz, beste gertakizun batzuen artean honako hauek gailendu ziren: GAL, Hipercorreko atentatua, Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundearen sorrera, Lemoizko zentral nuklearraren auzia, desindustrializazioa, Hiesaren agerpena eta ETA-PMren desegitea.
1990KO HAMARKADA
Laugarren atalean, 1990eko hamarkadari eskainita, Miguel Angel Blancoren hilketarekin ekingo zaio kontakizunari, eta Lasa eta Zabalaren gorpuzkinen agerpena ere kontatuko dute. Hamarkada horretan, halaber, Fernando Buesa Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Jorge Diez bere eskolta hil zituzten, baita Ernest Lluch politikari sozialista ere.
Horrez gain, Askatasunen Ituna sinatu zuten PPk eta PSOEk eta lankidetza horrek 2002ko Alderdien Legea izan zuen ondorio modura, besteak beste.
Dokumental sorta ixten duen atalak ETAk behin betiko armak uzteko 2011ko urrian egin zuen adierazpena ekarri zuen prozesua du ardatz. Epe horrek garai berri bati eman zion hasiera Euskadin.
Bolada honetan giltzarri izan dira, besteak beste, indarkeriaren biktimen onespen eta kalte ordain esparruaren garapena Eusko Legebiltzarrean, ikastetxeetan biktima askok gorrotoaren aurka egindako adierazpena, Aieteko Konferentzia, Gleencreee ekimena eta hainbat udalerritan izandako elkarrizketak.
Sufrimendua dokumental sail guztian agertzen bada ere, positiboan eraikitako guztia ere agertzen dela adierazi nahi du lanak. Izugarrikerien gainetik, euskal gizartea aurrera egiteko gai izan zela erakutsi da. Euskal gizartean diren memoria ezberdinak zerrendatu, elkarrizketara bideratu eta hurbiltzeko tresna izan nahi du lan honek. Pieza hauek elkarbizita oso bat eraikitzeko helburua bilatzen dute.