Arabako hotelek %90etik gorako okupazioa izan dute Aste Santuan, Enplegua, Merkataritza eta Turismo Sustatzeko eta Foru Administrazioko foru diputatu Cristina Gonzálezek adierazi duenez. Astearte honetan PSE-EEk Gasteizen egin duen ekitaldi batean parte hartu duen Foru Gobernuko Turismo arduradunak hedabideei egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, eguraldi onak azken egunotan hotelak okupatzeko datu onak eman ditu eta turismoa bultzatu du. Oraindik datu ofizialik ez dagoen arren, Gonzálezek azaldu du hotelek bere sailari eman dioten informazioak adierazten duela okupazioak %90 gainditu duela eta, kasu batzuetan, plazen %100 bete dela.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Foru diputatuak adierazi du turista asko Bartzelonatik, Madriletik eta Andaluziatik datozela, eta azken hilabeteetan emaitza onak lortzeko egin diren sustapen kanpainen garrantzia ere azpimarratu du. "Sektorearentzat hain nekagarriak diren bi urte igaro ondoren, turismoa indarberritzen joatea eta udako kanpaina ere arrakastatsua izatea espero dugu", gaineratu du.

Bestalde, Gasteizko Udaleko Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu duenez, Arabako hiriburuak "turismo nazional handia" izan du azken egunotan, eta bisitari atzerritarren kopurua, txikiagoa izan arren, "bikoiztu" egin da iazko Aste Santuarekin alderatuta. "Gasteiz erreferente bihurtu da turismoan, ez gastronomian bakarrik, baita ondarean ere", ondorioztatu du azkenean Gasteizko Udaleko sustapen Ekonomiko, Emplegu eta Turismoko zinegotziak.