NASA Espazio Agentziaren Mars 2020 misioa marteratu zenetik bi urte bete direnean, Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHU Mars 2020 misioan’ekitaldia egin zuen atzo. Bertan, proiektu horren emaitzak eta euskal unibertsitate publikoak espazioan garatzen diharduen ikerketen etorkizuneko erronkak aurkeztu zituen. Ikerketa horietan Zientzia Planetarioen Taldea eta IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa-taldeak ari dira. Izan ere, Mars 2020 Misioan bi ekipo dauzkan Estatuko unibertsitate bakarra da UPV/EHU. Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eva Ferreira errektoreak hartu zuten parte, baita bi taldeetako zuzendariek ere, Agustín Sánchez-Lavega eta Juan Manuel Madariaga katedradunek. 

"Proiektu honetan parte hartzen duten UPV/EHUko taldeak eredugarriak dira beren ikerketen bikaintasunagatik eta prestakuntza, ikerkuntza eta ezagutzaren transferentzia konbinatzen duten moduagatik. Marteko gainazalean ikerketa-rover bat jartzea den bezain egitasmo anbiziotsu batean parte hartzea nazioarteko lankidetzaren emaitza da. Lan hori egiteko, gure unibertsitateko ikerketa-taldeek prestakuntza, ikerkuntza eta transferentzia bateratzen dituzte, master-amaierako lanak eta doktore-tesiak egiten dituzte, teknologia berriak garatzen dituzte eta industria aeroespazialeko enpresekin lankidetzan jarduten dira. Hazkunde ekonomikoa sortzen duen tresna indartsua da abangoardiako ikerketa. Izan ere, gizarte aurreratu baten ezaugarria da abangoardiako ezagutza sortzeko gai izatea, onura ekonomiko eta soziala ekar dezan", Eva Ferreira errektoreak azpimarratu zuenez.