Síguenos en redes sociales:

Araba Euskaraz-en ibilbidea!

Euskara erdigunean jarriko duen jai indartsua ospatuko du Araba Euskarazek amurrion

Araba Euskaraz-en ibilbidea!Utzitakoa

Amurrioko Aresketa Ikastolak antolatuta aurkeztu da aurtengo Araba Euskarazen egitaraua. Egun bakarreko jaitik harago, euskal kultura indartzeko, euskararen erabileran jauzi berri bat emateko eta eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzeko topagunea izango da aurtengo edizioa.

Araba Euskaraz ez da lurralde baten jai soil bat, ikastolek euskararen biziberritzean eta transmisioan jokatzen duten paper aktiboaren erakusleiho nagusietako bat baizik. Hori izan da, hain zuzen ere, aurtengo mezu nagusia. Unai Mendizabal Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak nabarmendu duenez, ikastolen sorreratik jauzi handia eman da euskalduntzean, baina erabileraren atzeraldiaren eta euskararen aurkako oldarraldien aurrean, erantzun bateratu bat emateko garaia da: “Euskaraz biziko den gizarte bat nahi dugu, eta honaino ekarri gaituen olatua utzi gabe, harago eramango gaituen beste olatu indartsu bat hartzera goaz”.

Erakunde publikoen eta herrigintzaren indarrak batzeko deia egin du Mendizabalek, Araba Euskaraz topagune alai bat izateaz gain, hizkuntza eskubideak exijitzeko aldarrikapen espazio bat ere badela azpimarratuz.

Josu Barrenengoa Aresketa Ikastolako lehendakariak ikastolaren harrotasuna eta ardura adierazi ditu edizio honen antolakuntzan. Taupadak berpiztu leloa ez dela kasualitatea azaldu du: “Gure nahia euskararen taupadak indartzea eta euskara herritar guztiengana iristea da; ez soilik ikastolan, baizik eta kalean, plazan eta eguneroko bizitzan”. Aiaraldean murgiltze ereduan aitzindari izandako ikastolak azken hilabeteetan Araba osoko ikastolen,herriko eragileen eta boluntarioen laguntza eskertu du, ekainaren 14koa komunitate oso baten auzolanaren isla izango dela bermatuz. 

EKIMENAK

Motorrak berotzeko, ekainaren 12an Kantuz ekimena egin da Amurrio Antzokian, eta 13an Gazte Eguna, mendi bizikleta saria eta pilota finalak.Igandean, ekainaren 14an, 10:00etan hasiko da egun handia, Aresketa Ikastolan egingo den hasiera ekitaldiarekin.

Herri osoan zehar banatuta, hiru gune nagusi antolatu dira adin eta gustu guztientzako eskaintzarekin:

  1. Gunea Bihotza Parkea: Dantza topaketa, Herri Kirolak, Ugarte Otxotea, Belgorri, EH Sukarra eta Akerbeltz. Lehen Hezkuntzako ikasleen Erronka. DBHkoen erronka, berriz, gune guztietan zehar jokatuko da. Hemen kokatuko dira APDEMAren txokoa, Haurren Basoa eta Berriaren Txokoa. Euskaltelen Bizikleta Kukaña ere bertan kokatuko da.
  2. Gunea Txinparta (REFOR) Porrotx eta Marimotots, NUN Gazte Talent, Ganibet, Nafarroa 1512 eta Bad Sound. Argitxo eta Kaiku txokoak, eta Eroskiren elikadura eskola.
  3. Gunea Taupadak (REFOR) Zumba, Loa eta Laia zuzenean, Yogurina Borova eta Patxi eta Konpania. Puzgarriak eta Makusi gunea. Kirikiño Aisialdi Taldeak tailerrak eta jolasak eskainiko ditu, eta Amurrioko Xake Taldeak xake partidak antolatuko ditu.

Antolakuntzak bereziki azpimarratu nahi izan ditu jaiaren zeharkako balioak: ingurumenarekiko erabateko konpromisoa, beiraren eta alkoholdun edarien sarrera debekua zirkuituan, eta, batez ere, jaiak aske eta erasorik gabe gozatzeko aldarria. Araba Euskarazek Amurrio euskararen eta euskal kulturaren topagune handi bihurtzeko gonbidapena luzatu die Euskal Herri osoko herritarrei.

BALIOA

“Ikasleentzat honelako jaia bizitzea gozamena da, eta hala izan behar du. Gozamen eta emozio horretatik euskararekiko atxikimendua askoz estuagoa eta sendoagoa delako. Eurak ere, euren alea jarri nahi izaten dute eta erantzukizun eta arduraz jokatzen dute. Ikasle guztiak, modu batean edo bestean, jai honen parte aktibo dira eta oso gustura aritzen dira. Eurak izango direlako, azken finean, etorkizuna euskaraz izateari eutsi beharko diotenak”, azpimarratu du Itxaso Ugartek, Aresketa Ikastolako zuzendariak.

“Ikastolan alor akademikoan euskara hutsean aritzen gara baina geroz eta nabariagoa da gure haur eta gazteek euskaraz aritzeko, gizarte osoari dagokiola euskararen normalizazioan aurrera pausoak burutzea, hezkuntza formaletik haratago, gure herriak euskaraz bizi nahi badu. Horregatik, modu kolektiboan bideratutako dinamikak behar dira. Aresketa Ikastolan, urte osoan zehar, euskarazko eskolaz kanpoko ekintzak, udako topalekuak edota herriko beste euskal eragileekin elkarlanean, eusLiderrak bezalako aisialdirako ekintzak eskaintzen ditugu gure ikasleek euskara ikasteaz gain, euskaraz bizi eta goza dezaten”, ondorioztatu du.