2003 an sortutako ikastola da Argantzun Ikastola. Ordura arte bertako haur gehienek Gasteizerako bidea hartzen zuten ikasketak egitera; horixe zen euren haurrek euskaraz ikastea nahi zuten gurasoen hautua. Eskaera egon bazegoen, Trebiñun euskaraz ikastekoa, eta eskaera horri erantzunez, Argantzungo Udala eta Ikastolen Elkartea harremanetan jarri ziren, eta, gurasoen erabakimena eta udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak lotuta, ikastola berri bat sortzea erabaki zuen Ikastolen Elkarteak: Argantzun Ikastola.

“Gure ikastola txikiak 2003ko urriaren 27an ireki zituen ateak. Ordurarte etxean edo Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako 11 familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa”, azaltzen du ikastolako zuzendaria den Igone Zubizarretak. Urtez urte, handituz joan ziren, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean 40 ikasle izatera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean. “Eta pixkanaka aurrera joan gara, txikitasunaren abantailak baloratzen ikasiz, gainontzekoek printzipioz duten egoerari gehiegi erreparatu gabe, baina beti ere ikastola egonkortzea eta hobetzea helburu izanik”, kontatu du. Egoerak behartuta, duela urte batzuk, “ikastola handitzeko beharra ikusi genuen”. “Penaz baina ilusioz. Nekez baina indarrez. Triste baina pozik. Euskara eta Trebiñu maite ditugulako eta horiek direlako gure lehentasunak”. Hori dela eta, Sagastietarako saltoa eman zuten han Lehen Hezkuntza martxan jarriz. Trebiñuarrei Lehen Hezkuntza Euskaraz eskaini ahal izateko modu bakarra zelako, zuzendariaren aburuz, “Trebiñutik hanka bat ateratzera beharturik ikusi genuen geure burua”.

“Trebiñu Araba da erraz esan daitekeen zerbait da, baina hemeretzi urte hauetan pairatu dugu: Trebiñu ofizialki, oraindik, ez dela Araba. Askok pentsatu dezakete Trebiñu Araba dela, askotan entzuten dugun zerbait baita. Hala ere, errealitatea ez da hori eta praktikan, leku gehien-gehienetan, Trebiñu ez da Araba kontsideratzen. Askotan, laguntzak, zerbitzuak, baliabideak jasotzerako orduan...Trebiñu ez da Araba”, dio. Hala, 2016tik aurrera bi herritan banaturik dute Ikastola, Argantzun eta bost kilometrora dagoen Sagastietan. Bata geografikoki Araba ofizialean, bestea ez, momentuz. Aurten, guztira 68 ikasle daude bertan eta oso “ikasturte berezia” da , seigarren mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako direlako eta horrela lehen hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango delako. Beraz, 2003an sortu zen ikastola txiki hura poliki-poliki hazten doa. “Trebiñun Ikastola egoteak euskara ikusgarri egiten du. Trebiñun Ikastola egoteak Euskararen Herrian kokatzen gaitu. Bihar, etzi eta etorkizunean ere, bakoitza dagoen lekutik, Trebiñurekin gogoratzea nahi genuke, egoera konpon dadin bakoitzak bere esku dagoena egitea. Eta konpondu bitartean, praktikan, nortasuna ukatua duen Araba zatia kontsideratzea”, esan eta gaineratu du: “Eta Euskarak 365 egun dituen bezalaxe, guk argi daukagu, Trebiñuk eta Argantzun Ikastolak ere 365 eguneko errealitatea bizi dutela, eta horietako egun asko ez direla jai egun eguzkitsuak”. “Poliki- poliki gure ikastola handitzen joan da, eta, zorionez, belaunaldiz belaunaldi hizkuntza honen transmisioa ematen ari da. 2003an lehenengo aldiz Trebiñun eskaraz ikasteko aukera izan zuten urte horretan ikastolaren alde apustu egin zuten pertsonek”.

Kooperatiba

Hamabost urtez Argantzon Guraso Elkartea izan da proiektuaren titulartasuna bere gain hartu duena. 2019Ko uztailetik aurrera, egoerak hala eskatuta, kooperatiba bihurtu ziren eta Argantzun Ikastola Kooperatiba Elkartea pasa da ikastolaren titularra izatera. Kooperatiba ikastolako familia guztiek eta irakasleek osatzen dute, kooperatiba integrala da, beraz. Bileretan, Ikastolari eragiten dioten hainbat gai eztabaidatzen eta jorratzen dituzte, eta horiei buruzko erabakiak hartzen dituzte (gai ekonomikoak, matrikulazioak, hezkuntza-eskaintzaren kalitatea handitzeko proposamenak, jardueren antolaketa, barne-funtzionamendua, proiektuak, eskolaz kanpoko ekintzak, txangoak, eta abar). “Maiztasunez, Ikastolako Errektore Kontseiluaren bilerak egiten dira, zeinetan ikastolako langile eta erabiltzaileen ordezkariak biltzen diren. Horietaz gain, bi asanblada orokor ospatzen dira urtean, Ikastolako bazkide guztiak deiturik egonik. Esan gabe doa, partehartzea eta inplikazioa direla gure Ikastolaren izaeraren ardatza eta edonoren iritziak eta proposamenak jasotzeko zabal zabalik gaudela, beti ere ikastola osatzen dugun komunitatearen mesedetan”.