Euskadiko Orkestraren 2026-2027ko denboraldi sinfonikoa irailaren 25ean hasiko da Bilbon eta 2027ko maiatzaren 31n amaituko Iruñean, eta, egungo abonatuek abonamendua berritzeko epea amaitu ondoren, abonu berrien salmenta ireki asteazken honetan, uztailaren 1ean. Hamar kontzertutarako abonuen prezioak 87 eta 252 euro artekoak dira, eta euskadikoorkestra.eus webgunean eta 943 013 232 telefonoan eros daitezke.

Euskadiko Orkestrak jakinarazi duenez, abonu bakoitzak hurrengo programa hauetara joatea barne hartuko du: 'Mahler 2: Berpizkundea', 'Aita Donostia: La vie profonde de Saint François d'Assise', 'Falla / Debussy / Stravinski', 'Enigma', 'Bach inspirazio', 'Prokofiev / Schumann', 'Amerika', 'Schumann / Brahms', 'Mahler 6: Tragikoa' eta 'Bartok / Xostakovitx'.

2024-2025eko denboralditik, Euskadiko Orkestrak Jesus Guridi Musika Kontserbatoriora eraman ditu Gasteizko kontzertuak, Principal Antzokia eraberritze lanengatik itxi ondoren. Oraingoz, eta areto berri horretan eserleku libre gutxiago daudenez, ez da abonamendu berririk egingo Gasteizen.

Bestalde, sarrera solteak irailaren 1etik aurrera egongo dira salgai euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumen leihatila eta webguneetan (Gasteizen kasuan izan ezik). Prezioak 10 eta 41 euro artekoak izango dira, eta hainbat kolektibori aplikatutako deskontuak mantenduko dira, baita 'Azken Ordu Gaztea' kategoriakoak ere, hau da, sarrerak 10 euroan eremu guztietan, 30 urtetik beherakoentzat eta kontzertua hasi aurreko 30 minutuetan.