Síguenos en redes sociales:

Bizkaiko IV. Erronka Aktiboak 55 urtetik gorako 1.800 lagun elkartu nahi ditu Bilbon 12 orduz ariketa fisikoa egiten

Lurraldeko hiru kolektibo oso garrantzitsu ere batu zaizkio ekimenari, Bizkaiko Medikuen Elkargoa, EHU eta Bilbao Talento Fundazioa, hain zuzen ere, eta beren partaide taldeak osatuko dituzte

Bizkaiko IV. Erronka Aktiboak 55 urtetik gorako 1.800 lagun elkartu nahi ditu Bilbon 12 orduz ariketa fisikoa egitenUtzitakoa

Bizkaiko 26 udalek bat egin dute irailaren 18an Mugikortasunaren Aste Europarraren barruan Bilbon egingo den Bizkaiko Erronka Aktiboaren laugarren edizioarekin. Asmoa da erronka kolektiboa lortzeko 55 urtetik gorako 1.800 pertsona batzea hiriko erdigunean 12 orduz ariketa fisikoa egiten.

Parte-hartzaileek doan eman deazkete izena https://activabizkaia.com/eu/web orrian eta txandak erreserbatu: gutxienez ordubeteko erreleboa oinez edo 30 minutukoa korrika nor bere erritmoan. Ibilbidea zirkularra izango da, eta Erripako kaian abiatu eta amaituko da, antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez.

Bilboko Udalak eta SECOT Asociación de Voluntariado Senior elkarteak antolatu eta Vericat, Surne, Audiogroup eta Siwa Clinic erakundeen babesa duen proba 08:00etan hasiko da, 2026ko Mugikortasunaren Aste Europarraren barruan aurreikusitako jardueren aldi berean, eta 20:00ak arte luzatuko da, 12 orduz etenik gabe ariketa fisikoa eginez.

Aurkezpenean, Nora Abete Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak ekimena gauzatzeko Bilbo hautatu izana eskertu du, "zahartze aktibo eta osasungarriaren esparruan erreferente gisa kokatzen baikaitu". "Bilbon, hiriaren barruan egunero egiten ditugun joan-etorri guztien %65 oinez egiten ditugunak dira, eta horrek, hiriko mugikortasunean eragin positiboa izateaz gain, zuzenean eragiten du pertsonen osasunean", gogorarazi du.

Martin Fiz munduko eta Europako maratoi txapeldunak, aurreko edizioetan bezala, pisu handia du probaren enbaxadorea delako, eta nabarmendu nahi izan du "edozein adinetan kirola egitea garrantzitsua da, helburuak helburu". Bestalde, Josu Ciudad antolakuntzako ordezkariak azaldu duenez, "harro nago guztion ahalegina eta talde lana jasotzen duen proba bat gidatzeaz".

Lurraldeko hiru kolektibo oso garrantzitsu ere batu zaizkio ekimenari, Bizkaiko Medikuen Elkargoa, EHU eta Bilbao Talento Fundazioa, hain zuzen ere, eta beren partaide taldeak osatuko dituzte.