Síguenos en redes sociales:

Udalerri euskaldunetako Salto! udalekuak jarriko dira martxan astearte honetan Lea-Artibain

Udalerri euskaldunetako Salto! udalekuak jarriko dira martxan astearte honetan Lea-ArtibainUtzitakoa

Udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk, eta lehen txandari ekingo diote astearte honetatik uztailaren 1era. Bigarren txanda uztailaren 3tik 11ra izango da. Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Markina-Xemeindik Ondarroarako bidea egingo dute gazteek, Lea-Artibai eskualdean barrena. Aulestin eta Berriatuan ere pasatuko dituzte zenbait gau.

Txanda bakoitzean 2008. eta 2011. urteen artean jaiotako 60 lagun izango dira, Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileen ardurapean. Aurreko urteetan bezala, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua, UEMAk jakinarazi duenez.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko 'Hedatu' hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin.

Aurten, 2008. eta 2011. urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta iaz bezala aurten ere bi txanda izango dira: ekainaren 23tik uztailaren 1era, eta uztailaren 3tik 11ra. Azken urteetan bezala, aurten ere ibiltaria izango da ekimena: Markina-Xemeinen hasi eta, Aulesti eta Berriatua zeharkatu ondoren, Ondarroara iritsiko dira. Herri bakoitzean zenbait gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira.

Martxoan zabaldu zuen deialdia UEMAk, eta 262 lagunek eman zuten izena. Antolakuntza kontuengatik kopurua 120 lagunera mugatuta dagoenez, hainbat irizpide gurutzatuta egin behar izan ditu parte -hartzaileen zerrendak aurten ere UEMAk, ahalik eta udalerri euskaldun gehien ordezkatuta egotea lehenetsiz, besteak beste.

Udalekuak kudeatzeko lehiaketa publikoan gailendu ondoren, aurten ere kudeaketa aisialdi euskaltzalean lanean aritzen den Hezten elkarteak izango du, eta bertako hezitzaileek izango dute gazteen ardura udalekuaren bi txandetan.

Lehen txandakoak astearte eguerdian elkartuko dira Markina-Xemeinen. Behin taldeetan antolatu ondoren, eta talde bakoitzak bere erreferentziazko hezitzailea duela, bederatzi eguneko egitarau oparoari emango diote hasiera.